Erriberak ere Prestazio Handiko Trenarentzako geltokia izateko eskaera egin dio Txibitek Puenteri

Maialen Huarte Arano 2024ko uzt. 19a, 10:48

Oscar Puente ministroa eta Maria Txibite lehendakaria kazetarien aurreko agerraldian.

Maria Txibite Nafarroako Lehendakaria eta Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako ministroa batzartu ziren atzo Iruñean. Azpiegiturez solastu ziren oro har, baina Prestazio Handiko Trenaren lanez bereziki: "Azeleragailua zanpatua dugu erkidegoko lanetan", adierazi zuen Puentek. 

Abiadura Handiko Trena edo Nafarroako Gobernuak erabiltzen duen terminologiaz esanda Prestazio Handiko Trena izan dute hizpide Maria Txibite Nafarroako Lehendakariak eta Oskar Puente Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko ministroak. Hogeita hamar urteko atzerapenarekin zenbait tartetan, baina joan den legealdian egin da "inbertsiorik handiena" azpiegitura honetarako, esan du Txibitek. Hartara, Espainiari eskatu dio bidera dezala Nafarroako Erriberan ohiko trenbiderarentzako izanen den geltokian, prestazio handietarako trenerako ere geltokia izanen duen proiektua.

EAEko Y-koa Nafarroarekin lotzea, Gasteiztik errazago

Puentek bere aldetik esan du, "azeleragailua zanpatua" duela abiadura handiko trenaren azpiegiturarekin Nafarroan eta berandu baino lehen amaitua izanen dela Castejon eta Campanas arteko lotura: "Amaitu bezain laster erabilgarri jarriko dugu lotura eginez ohiko trenbideekin". Zaragozara arteko bidea edota Iruñeko geltoki eta lotura noizko egonen diren galdetuta, datarik ematen ez da ausartu. Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura nondik eginen duten galdeginda ere "erabakirik hartuta" ez dagoela esan du. Hori bai, zenbait azalpen ematen ditu: "Baldintza eta arazo handienak Ezkioko eremuak ematen dizkigu. Zenbait Udalek ez digu uzten ari zundaketak egiten eta zaildu egiten zaigu eremua zenbateraino izan daitekeen egoki aztertzea. Zaintasun gehiagiak ere badaude tarteka zonalde horretan. Errazagoa litzateke lotura Gasteiztik egitea", azaldu du.

Castejon-Campanas, erdibidean

Castejon-Campanas arteko zatirako abiadura handiko trenarentzako 60 kilometro egin behar dira eta erdia amaitua dago, gainerakoa obretan. "Datozen egunetan elektrifikazio proiektua lizitatuko dugu eta super-azpiegiturarena ere bai. Amaitu eta berehala zerbitzuan jarriko da Castejon eta Campana arteko tartea", jakinarazi du. Oztopo tekniko eta administratiborik ez dagoela ziurtatu du eta ahalik eta azkarren amaitzeko konpromisoa hartu du ministroak.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!