Nafarroako Parlamentuan lan saioan izan ziren atzo Erorien Monumentua eraistearen alde dauden 29 elkarte memorialistaren ordezkariak. Argi adierazi zuten: "1936ko kolpe militarrean eta frankismoak errepresialiatu zituen herritarrak aitortu eta ordaina emateko foru legeak ez du inola ere onartzen frankistek eurek euren gorazarrerako eraikitako higiezinari bestelako esan nahi bat ematea". "Ulertezina" da eurentzat oraindik ere eraikina zutik mantentzea Nafarroan frankistek hil zituzten 3.700dik gora herritar "umiliatzen" segitzen duen monumentua izanik.
Eraitsi edo beste esan nahi bat eman?
EH Bilduko Arantza Izurdiagak gogorarazi zuen ez dagoela interes kultural gisara babestuta eta ez dagoela inbentariatuta ere. Udaleko katalogoan dator eraikina eta hortaz beharrezkoa izanen litzateke hori aldatzea. Ahalik eta segurtasun juridikorik handienarekin legealdi honetan erantzuna eman behar zaiola iruditzen zaio Geroa Baiko Mikel Asiaini. Nafarroak duen eraikinik lotsagarriena da parlamentariaren arabera. Iruñeko Udalak hartu beharko luke gaiarekiko lidergoa, bera baita eraikinaren jabe, uste du Asiainek. Contigo-zurekinentzako aukera bakarra eraistea da. Faxismoa eta frankismoa ezin direlako beste esanahi batekin ulertu Carlos Guzmanen arabera.
UPN agertu zen eraikinari beste esan nahi bat ematearen alde. Alderdi sozialistarentzat ere eraikin frankista da, baina beste esanahi bat ematearen aldeko jarrera hartu zuen, "gure historiaren parte" den aldetik eta belaunaldi berrien ikasketa prozesurako "baliagarri" izan daitekeelakoan.