Maria Txibite: "Belateko lanen esleipena zuzena eta legezkoa izan da"

Maialen Huarte Arano 2024ko api. 16a, 13:03

Maria Txibite parlamentuko lan saioan azalpenak ematen, gaur.

Nafarroako Parlamentuan izan da lehendakaria azalpenak ematen UPNk eskatutako lan saio batean. Belateko lanak egiteko esleipena "zuzen eta legez" egin dela berretsi du Maria Txibite presidenteak. UPNri leporatu dio "bidegabeko ezer dagoen tokian bila ibiltzea". Prozedura osoa "gardentasun osoz" egin dela ere nabarmendu du. "Benetan uste baduzue legez kontrako ezer badagoela jo ezazue epaitegietara", esan dio alderdi erregionalistari Txibitek. 

Belateko tunelak egiteko esleipena "zuzena, gardena eta publikoa" izan dela berretsi du gaur Nafarroako Parlamentuko lan saioan Maria Txibite presidenteak. UPNri egotzi dio legezkoa ez den zerbaiten bila aritzea eta zalantzan jartzea bide egokitik egindako zerbait: "Frustazioa, amarrua eta akusazio faltsuak egiten ari zarete", leporatu dio alderdi erregionalistari presidenteak. UPNrentzako Nafarroako Gobernua "desegituratzeko" bidea da Belateren lanena Txibiteren ustez: "Denak ez du balio", gogorarazi dio.

Txibitek xehe xehe eman ditu prozedura osoaren datuak. Gogorarazi du, halaber, prozesuan zazpi enpresa aurkeztu zirela Belateko tuneletako lanak egiteko proposamenekin. Gogoan izan du, gainera, prozesuan hiru bokalek boto partikularra eman zutela, eta esan du, botazioak ez zeudela nahikoa motibatuta eta botazioaren prozedimendua bera "biziatua" zegoela mahaiaren presidenteak bere botoa eman aurretik ezagutzen zituelako gainerakoen botoak. Horren aurrean esan du Txibitek grabazioetan ikus daitekeela aldi berean egiten dituztela botoak denek eta ez zela hortaz desberdintasunik izan batzuen eta besteen artean.

Hartara, kontratazio mahaian puntuazio gehien aldi baterako enpresa-elkarte batek izan zuen: Accionak, Excavaciones Fermin Oses eta Servinabar 2000 osatutakoak. Enpresa hori kaudimenduna dela frogatuta dagoela iritzita esleitu zitzaion lana egiteko ardura. Dena dela, aurreko botazioan gertatu bezala oraingoan ere hiru bokalek boto partikularra eman zuten adierazteko ez zeudela ados. Euren azalpenetan zioten tuneletako obrak egiteko ezarritako 65 milioi eurotik beheragoko proiektua aurkeztu zutela eta horrek zalantzan jartzen zuela proiektuaren beraren egingarritasuna. Bokal-teknikoek baina, uste dute nahikoa fidagarritasun eskaintzen zuela, hala frogatu baitute, eta aurrera egitea erabaki zutela ia 63 milioi euroko esleipenarekin. IkuskatzaileakKontu-hartzaileak espedientea fiskalizatu eta ontzat jo zuen. Ministerioari ere eskatu zitzaion argitu zezala kontua, eta bat egin zuen Belateko mahaiko ingeniariek erabilitako irizpideekin eta kaudimena bazelako ustearekin.

UPN gaiarekin katramilatuta

Belateko tunelen lanen esleipenaren espedientea Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzara bideratuko duela esan dio Javier Esparzak Txibiteri: "Ez bada aurretik neurririk hartzen eta gaia estaltzen segitzen baduzue epaitegietara jotzea, beste erremediorik ez dugu izanen".

EH Bilduk esan du esleipena "legezkoa" dela, baina "deigarria" iruditzen zaiola mahaiko bostek jarrera bat izatea eta hiruk beste bat. Espediente honetatik zerbait ikasi badute motibazio juridikoa gehiago findu beharra dela uste du. Geroa Baik uste du gehiengoekin eman direla pausoak eta legez. Zurekin Nafarroak UPNren jarrera kritikatu du, uste duelako ikuskizun zinikoa ematen ari dela eta Gobernuaren baitako zalantzak sortu nahi dituela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!