Euskaltzaleen Topaguneak 'Gero eta Aldeko Gehiago' jardunaldia prestatu du apirilerako

Bidane Beloki Ezker 2024ko mar. 19a, 09:46
Topaguneko kideak 'Haurren aurrean helduok heldu' kanpainaren aurkezpenean.

Euskara sustatzeko jarrerari buruz hausnartzeko eta azken inkesta soziolinguistikoan bildutako datuak aztertzeko jardunaldia egingo dute apirilaren 17an. Kondestable Jauregian da hitzordua, goizeko 08:00etatik aurrera.

Apirilaren 17an ekingo dio Topaguneak euskararen biziberritzeari. Azken bi urteetan egindako azterlana aurkezteko jardunaldia antolatu dute horretarako. Jardunaldia Iruñeko Kondestable Jauregian egingo dute goizeko 8:00etatik arratsaldeko 17:30ak bitarte, zuzeneko podcasta, hitzaldiak eta beste hainbat jarduera eginen dituzte. Hartara, aldez aurretik izena eman behar da apirilaren 12a baino lehen, edukiera mugatua baita.

Ikerketan jasotako diskurtso eta argudio berriak aurkeztuko dira, euskararen inguruko aliantzak ehuntzeko helburuarekin. Oskar Zapata Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariaren hitzetan, “euskara biziberritzeko prozesuan bide berriak gehitzea” da asmo nagusia. Eta, horretarako, euskararen erabilerarako guneak eta aukerak eskaintzea.

Hala ere, Nafarroan euskara sustatzeko jarrerei buruzko azken bi inkesta soziolinguistikoen arabera, datuak kezkagarriak direla nabarmendu du Zapatak. 2016tik 2021era  euskara sustatzearen aldekoak %3 gutxiago dira, ez alde ez kontra daudenak %6 gehiago eta kontra daudenak %2 gutxiago. Bide horretan, euskararen berreskurapena lantzeko orduan kontuan hartu beharreko faktoreei buruzko gogoetak egingo dituzte apirilaren 17an Topaguneak antolatutako jardunaldian.

Egitaraua

08:30ean hasiko da ekitaldia eta Ana Ollok  eta Oskar Zapatak egingo dute aurkezpena. 09:30ean izango da lehenengo hitzaldia 'Harremanak, praktikak eta afektuen zirimolak' izenburupean, Eduardo Apodakaren eskutik eta Marta Chamorro gidari duelarik. 'Erronkak, biziberritze prozesuarekiko interesik ez dutenekin. Argudioak eta ekintzak' hitzaldia abiatuko du Marina Massagerrek 10:00etan eta Aingeru Epaltza izango du gidari.

11:00etan atsedena egingo dute et ondotik, inkesta soziolinguistikoaren aurkezpena 11:30ean. 'Gero eta aldeko gehiago Nafarroan' solasaldia egingo dute Oskar Zapatak eta Iñaki Sagardoik Irati Iciar gidari dutela. Ordu bete beranduango elkarrizketa baten txanda izango da: 'Harremanak, jokaerak'. Maria Oianguren Idigoras, Eneko Calle Garcia eta Yasmine Krhis Maansri arituko dira, Miren Mindegiak eta  Martxelo Diazek bideratuta.

'Ildo diskurtsiboak' mahai ingurua abiatuko dute eguerdian. Cristina Oses Zudaire, Carlos Vilches Plaza eta Lur Albizu Etxetxipia solasean, Uxue Rey eta Juan Kruz Lakasta moderatzaile. 

Bazkaria eta gero, 16:30ean egunaren errepasoa antolatu dute Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko zuzeneko podcastarekin. Katakraken izango da eta 17:30ean egingo dute itxiera ekitaldia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!