Duela bi urte osatu zuten liburua Joseba Sarrionandiaren hitzek eta Aresen irudiek. Munduaren historia kontatzen dute, tesi bat izan gabe. Zalantzan jarriz egiten den errelatoa. Gogoeta dialogoa da baita Planetarioan ikusgai dagoen erakusketa ere. Benetako historia azaltzeko itsas bidaia baten kronika. Haur bati Jainkoa nor den, dirua zer den edota lurra norena den azaltzeko asmo bat: "Ume bati nola kontatzen dizkiozu gai horiek? Nola azaldu? Ba hori da lan honen ildoa", esan du Sarrionandiak. irudietan, XVI. mendeko gertaerak eta gaur egungoek bat egiten dute "anakronismo" erreal batean.
Gertaerak pentsatzeko tartea hartzea ezinbestekoa da, egun bizi garen erritmoa pausatu eta hausnarketarako bide emateko. Egungo gizarte eta bizimoduaz pentsatzeko testu eta irudiak dira. Elkanoren ontzia izan zitekeen egungo etorkinen patera bat; edo Bietnango gerrako sinbolo bilakatu zen neskatiko biluziaren irudiaren atzean XVI.mendeko itsasontzia eta Brasilgo indigenen sudurretan luma bat du haietako batek, besteak gurutze bat eta azkenak egungo mundu digitaleko kable bat.
Karrikirirekin eta Pamiela argitaletxearekin batera prestatu dute Planetarioan martxoaren 6ra arte dagoen erakusketa. 250 ikasle baino gehiago gerturatuko dira ikustera, bi ikastetxetako irakaslek proiektu pedagogiko bat prestatu baitute Sarrionandiaren liburuarekin. Kolonialismoa eta pedagogia. Historia ezagutzeko beste modu bat.