Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan 2 urtekoen gelak sortzeko erabakia salatu du 0-3 Plataformak

Bidane Beloki Ezker 2024ko ots. 22a, 09:59

0-3 Plataformako kideak manifestazioan.

0-3 Plataformak ikastetxeak ez daudela prestatuak bi urteko haurrek dituzten beharrei erantzun egokia emateko argudiatu du. Hezkuntza Departamentuaren proposamena ekonomikoki irtenbiderik merkeena dela kritikatu dute.

Hezkuntza Departamentuak oraindik ez du erabaki 2024-25 ikasturtean zein ikastetxek izango dituzte bi urteko gela horiek, baina, hala ere, 0-3 Plataformak uko egin dio Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan bi urteko gelak sortzeko erabakiari. Nahiz eta bazirudien hezitzaileen protestek proposamena atzera botatzea lortu zutela, Hezkuntza Departamentuak irtenbide horrekin aurrera jarraitzea erabaki du.

Hezitzaileek adierazi dutenez, sistema hori "galera handia da haurrentzat eta ez ditu haien beharrak asetzen". Irtenbide hori, "0-3 zikloaren unibertsaltasunari erantzuteko plaza publiko nahikorik ez dagoenez, Foru Gobernuarentzat merkeena den bide ekonomikoari erantzuten dio", salatu dute. 

Eider Garde 0-3 Plataformako kideak zera azaldu du: “bi urteko haurrak ez daude prest 3-6ko sisteman sartzeko; bestelako beharrak, espazioak eta metodologiak behar dituzte”. Eta Gardek gaineratu du, "0-3 zikloaren hausturak haurrak azkarrago haztera eta heztera behartzen ditu, integratzeko denborarik gabe, eta haien garapen-prozesuak oztopatuz". Hezitzaileek argudiatu dute gainera, bi urterekin, haurrak ez daudela prest eskolan erreferente bakarra baino gehiago izateko; Hezkuntzaren irtenbideak planteatzen duen bezala.

STEILAS sindikatuak ere gaitzetsi du erabakia. LH-ko ikastetxeak ez daudela egokituta berretsi dute, eta gainera, 0-3 zikloaren haustura dakarrela horrek. Haur eskoletan lan egiten duten profesionalen kalterako neurria dela salatu du halaber sindikatuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!