Nafarroako 500 traktore inguru mobilizatu dira errepideetan

Bidane Beloki Ezker 2024ko ots. 6a, 07:56

Goizeko 7:30eko irudia. (Argazkia: Foruzaingoa)
  • Hiri eta industriagune nagusietako sarbideetan elkartu dira trafiko mozketak eragiteko.
  • Une honetan, auto ilarak daude Buztintxurin, Mutiloan, Arrotxapean eta Txantrean.

Nekazari eta abeltzainen traktoreek Nafarroa geldiarazi nahi dute. Nafarroako hiri nagusietako sarbideak moztuko dituzte protesta egiteko. Goizeko lehen orduan, 6:30ean, hasi dira traktoreak errepideetara ateratzen. Iruñea, Lizarra, Tutera, Irunberri eta Tafallarako sarbideetan eta industriagune nagusietako sarbideetan eginen dituzte mobilizazioak. 500 traktore inguru mobilizatuko dira goizean zehar.

Iruñean, zehazki, hiriko sarbideak mozteko hainbat gunetan elkartu dira: Berriozarren, Decathlon inguruan; Artikan; Talluntxen; eta Olatzen, Itaroa inguruan. PA30 sahiesbidera abiatu dira traktoreak hain zuzen. Goizeko une honetan, Itaroako biribilguneetan traktoreak batu dira, baina autoak igaro daiteke momentuz. Buztintxurin eta Mutiloarako bidean, berriz, trafiko ilarak eta autoak geldirik. Arrotxapean eta Txantrean ere auto butxadurak; Errotazar kalea eta Atarrabia etorbidean kotxeak guztiz geldirik.

Lizarraldean, berriz, A12 Donejakue bidearen autobidean egin dute hitzordua traktoreek. Horretarako, Merkatondoan eta Villaturertako industriagunean elkartu dira. Tafallan, ordea, egun osoan zehar egingo dute protesta Zidakoseko herrian zehar. Traktoreen mobilizaziora batu dira ere bai Azagra, Andosilla, Karkar, San Adrián, Lodosa eta Sartaguda.

Foruzaingoaren gomendioak jarraiki, komeni da errepide nagusiak saihestea eta bigarren mailako bideak erabiltzea.

Europa protestarako eredu

Europako nekazariek egin bezala, Nafarroako nekazari eta abeltzainek ere protestak egingo dituzte, lehena, gaur, errepide nagusietan. Nafarroako sindikatu nagusiek, UAGN Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasunak eta Nafarroako EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak ez dute mobilizaziorik deitu momentuz; gaurko traktoreen mobilizazioak nekazari zenbaiten ekimenez Whatsapp bidez antolatu dira.

Multinazionalen mesedean ezartzen zaizkien neurri zorrotzak eta jasotzen dituzten etekin txikiak salatu nahi dituzte nekazari eta abeltzainek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!