Iruñeko Sarasate pasealekua "aire libreko museo" ere izanen da

Maialen Huarte Arano 2024ko urt. 25a, 13:33
Iruñeko Pablo Sarasate pasealekuaren berrurbanizazio proiektuaren irudi bat.

Iruñeko Pablo Sarasate pasealekuaren berrurbanizazio proiektuaren berri eman du gaur udal taldeak: "2026ko udaberrian amaitua egonen da egitasmoa. Aire libreko museoa izanen da pasealekua eta egun dituen zuhaitzak mantentzea izanen da gure nahietako bat", azaldu du Joseba Asiron alkateak. Elkargunerako toki, irisgarria eta elkarbizitza egunerokoan sustatzeko lekua izanen da Asironen esanetan. Otsailean hasiko da prozesua.

Valentzia pasealekua lehenbizi, Pablo Sarasate pasealekua gero eta etorkizunean “aire libreko museo” ere bilakatu nahi du udal taldeak Iruñeko erdiguneko gune hori. Joseba Asiron alkaleak iragarri du 2026ko udaberrian amaituak egonen direla Sarasate pasealekua berrurbanizatzeko lanak: “Plataforma bakarrean eginen da gune berria eta egun dauden zuhaitzak mantentzea da gure nahia”.

Faseka eginen dituzte lanak, herritarrei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko Iruñeko udal taldeak adierazi duenez. Bide horretatik, Eguberrietan zein Sanferminetan lanak “gutxitu edo guztiz gelditu” eginen dira. Ezaugarri fisikoez mintzatu dira, baina sinbolismotik ere asko izanen duela esan du Asironek: “Pablo Sarasate zenaren figura izanen du etorkizuneko proiektu berri honek”. “Bateratutako proiektua da, ez aldebakarrekoa”, argitu du Asironek. Izan ere, udal taldea osatzen duten EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin-eko alderdien babesa izateaz gainera alderdi sozialistarena ere badu. “Dei egiten diet oposizioko kideei bat egin dezaten egitasmoarekin”, esan du. Hiriaren elkargunea izatea nahi dute: hesirik gabekoa, irisgarria eta bizikidetzarako toki ere bai.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!