Ekonomia Sozial eta Solidarioak bere buruari begiratu dio eta erradiografia bat egin du: gizarte auditoritzaren bidez ezagutu dute 641 entitatek, Nafarroako 41ek zer nolako osasuna duten. Datuen artean batzuen berri eman du June San Millan REASeko kideak: "%59 emakumeak dira eta erantzukizuneko postuetako %62 emakumeek osatzen dituzte". Gainera, ez dagoela genero arteko soldata-arrakalarik ere nabarmendu dute. "Iraunkortasun ekologikoaren printzipioari dagokionez ere nabarmenduko dugu erakundeen %92k kontsumo arduratsuko irizpideak onartzen dituela eta %78k aztarna ekologikoa murrizten eta konpentsatzen duela". Gainera, erdiek baino gehiagok energia berriztagarria kontsumitzen dutela ere jakinarazi du.
REASen parte hartzen dutenen erdiek baino gehiagok gainera finantza etikoekin jarduten dute: "Nahiz eta sektore hau dirulaguntza publikoetatik bizi dela uste izan, bere diru-sarreren iturri nagusia fakturazioaren bidez jasotzen da; %59". REAS Nafarroan pozik daude emaitza hauek erakusten dutenarekin: "Pertsonak eta natura erdigunean jartzen dituen ekonomia bideragarria eta errentagarria egiten ari gara". Bada alternatiba erreal eta bizia gauzak beste modu batean egin daitezkeela erakusten dutenak, diote. Ekonomia sozial eta solidarioak Nafarroan 678 langile ditu, 2.300 boluntario eta 7.500 bazkide. Erankundeen diru sarrerak 37 milioi eurotik gorakoak izan ziren eta 36 milio euroko gastua egin zuten.