Ikastetxeek urtarrilean jakingo dute eskola-jardunaldia aldatzeko bozketak egiteko baimena duten

Bidane Beloki Ezker 2023ko abe. 18a, 12:48

Datorren ikasturtean ezarri beharreko eskolaldi jarraitua edo zatitua bozketa bidez hautatzeko oniritzia, urtarrilaren 26a baino lehen, aurrematrikula epea baino lehen, helaraziko du Hezkuntza Departamentuak.

2024-2025 ikasturtean lanaldi zatitua ez den beste eskola-jardunaldi bat izateko prozedura hasi nahi duten, eta horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten Nafarroako sare publikoko ikastetxe guztiek, urtarrilaren 26a baino lehen jasoko dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren oniritzia.

Foru Gobernuak jakinarazi duenez, 2024-2025 ikasturterako Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko bigarren zikloko aurrematrikula "ikastetxeak izango duen lanaldi mota aldez aurretik jakinda" egin ahal izango da. Otsailaren 2an, egun horretan Hezkuntza Departamentuaren Educa aplikazioan agertzen diren ikastetxe bakoitzean matrikulatutako ikasleen datuekin itxiko da epea. Itunpeko ikastetxeek eta ikastetxe pribatuek aldiz, martxoaren lehena baino lehen jakinarazi behar dute hautatuko jardunaldia. Itunpeko ikastetxe horietan, zuzendaritzen eskumena da eskola-jardunaldia aukeratzea eta horretarako baldintzak betetzea.

Datorren ikasturterako eskola-jardunaldiaren modalitate lehenetsia lanaldi zatitua izango da, "lanaldi jarraituaren eta malguaren izaera esperimentala dela eta". Hori dela eta, Hezkuntza Departamentuak "behar besteko aurrerapenaz arautu du aldatu nahi duten ikastetxeek horretarako baldintzak ezagutzeko prozedura".

Botoa telematikoki emateko aukera eskainiko dute ikastetxeek Educaren bidez gaituko duten aukerari esker. Hiru egun izango dituzte ikastetxeek bozketa egiteko.

 Nafarroako eskolaldi zatituaren aldeko plataforma

“Bai foru arauak, bai gaur NAOn argitaratu den ebazpenak, berriz ere erakusten dute sail honen ausardia falta”, hala adierazi du Nafarroako eskolaldi zatituaren aldeko plataformak bere ondoeza. Plataformako gurasoen ustez egokiena “osasun, hizkuntza eta hezkuntza alorreko adituen gomendioak” entzun ondoren, “argi dago jardunaldi zatitua egokiena dela".

Halaber, plataformak salatu du jardunaldien ondorioei eta azterlanei erantzun beharrean, eskola jardunaldiari buruzko erabakia familiei helarazten die berriro, eta “familia gehienak ez dira gai honetan batere adituak”. Norberaren irizpide partikularrek haurren ongizatea oztopatzen dutela gaineratu dute.

Hezkuntza Departamentuak zabaldu dituen bozketen aurrean familiei dei egiten diete plataformako kideek “kalitatezko hezkuntza publikoaren alde antolatzeko, seme-alaben ongizatea defendatzeko eta jardunaldi zatituaren aldeko apustua egiteko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!