Steilas sindikatuak errekurtsoa jarriko dio eskola jardunaldia arautzen duen Foru Aginduari

Maialen Huarte Arano 2023ko abe. 15a, 13:16

Angela Campo eta Aitor Laca Steilas sindikatuko egoitzan agerraldia eskaintzen.

Errekurtsoa jarriko du Steilas sindikatuak Hezkuntza Departamentuak osatutako Foru Aginduaren aurka. Ikastetxeetako jardunaldiak arautuko ditu eta ez dator bat sindikatua zenbait atalekin: seigarren ordua txertatzearekin, ikastetxe bakoitzean jardunaldia hautatzeko ezarriko dituzten gehiengoekin edota irakasleek izanen duten erabakitze ahalmen ez-loteslearekin. "Hezkuntza Departamentua azpikeriaz eta agian legez kanpo ari da", esan du sindikatuko ordezkari Angela Campok.

Otsailean hasiko dira ikastetxeak datozen ikasturtetik aurrera zer nolako jardunaldi mota duten ezartzeko prozesuarekin. Bozketan izanen dira tartean. Eskola kontseiluak, irakasleen klaustroak eta familiek ere eman beharko dute euren nahiaren berri botazioetan. Steilas sindikatuak errekurtsoa jarriko dio ikastetxeetako eskola-jarunaldi motak arautzen dituen Foru Aginduaren aurka hiru arrazoi nagusirengatik: bozketetan eskatzen ari diren gehiengoengatik izanen da lehena; eskola Kontseiluari ebatzi egiten zaiolako erabakitzeko eskumena eta irakasle klaustoari bozketa aholku-emailea baino ez delako izanen bigarrena eta seigarren ordua ezartzeko aukera eskaintzen duelako. Angela Campo Steilas sindikatuko kideak esan du "irakasleei erabakitzeko ahalmena" kentzen zaiela ez delako euren iritzia lotesle izanen. Hezkuntza Departamentua "azpikeriaz" eta "baliteke legez kanpo ere" jokatzen aritzea  Steilas sindikatuko kideen esanetan.

Gogorarazi nahi izan du Steilasek hiru eskola jardunaldi motek kontziliazio neurriak jasotzen dituztela eta haurrak lau terdietan jasotzen ahal direla kasu guztietan. "Ikastordu gehiago izan ordez, aisialdirako bestelako moldeak garatu eta sustatu beharko liratekeela uste dugu", esan du  sindikatuko kide Aitor Lakak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!