Trafikoa nolakoa den jakiteko ikerketa lana egin dute auzokideek Sanduzelain

Maialen Huarte Arano 2023ko urr. 26a, 13:08

Biribilguneari irtenbide integrala ematearen aldeko bizilagunak Mikel Rodriguez Mandersonekin batera.

Sanduzelaiko biribilgunean trafikoa zenbatekoa den eta ibilgailuek zer nolako ibilbidea egiten duten aztertu dute auzokideek. Mikel Rodriguez Manderson izan da ikerketa lanaren arduraduna. Bideo kamera jarri zuen bizilagun baten terrazan eta horrekin bederatzi egunez zer nolako joan-etorriak izan diren aztertu du. Garrantzitsua jo dute auzokideek ezagutzea ibilgailuen norabidea mahai gainean jarriko den irtenbiderako baldintza izan daitekeelakoan. 

Otsailean egin zituzten grabazioak Sanduzelaiko auzokideek. Bederatzi egunez, eguneko hamar orduz 40.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen dira biribilgune horretatik. "%95 autoak dira, %5 pisu handiko ibilgailuak eta %0,22 motoak", adierazi du Mikel Rodriguez Manderson ikerketaren arduradunak. Ibilgailuen noranzkoak aztertzea ere garrantzitsua dela uste dute: "Gehienak, %80, hegoaldetik iparralderako bidea hartzen dute, hau da, Donostiatik datorren bidetik Donibanera igotzen den bidea", azaldu du. Zergatik iruditzen zaie garrantzitsua fluxu hori kontuan hartzea irtenbide bat bilatzerako garaian? Bada, eginen den proiektuak ez ditzan gero sortu trafiko arazoak, ez ditzan eragin auto-ilarak edo buxadurak. 

Sanduzelai auzoaren arazoa izatetik hiri osoaren arazo izatera pasatzeko beharra badela uste dute biribilguneari irtenbide integrala emateko eskatzen ari diren auzokideek. "Eragina auzotik harago doa eta irtenbideak ere hala beharko luke izan", esan du Itziar Muro ordezkariak.

Alkatearekin eta gainerako alderdiekin batzartu dira

Cristina Ibarrolarekin elkartu ziren asteartean. Berak ere onartu zuen arazoari irtenbide "osoa" eman behar zitzaiola eta esan zien "soluzioa arkitektonikoa" behar zuela izan. Beste ezeren zain egon gabe ideien lehiaketa abian dela eta prozesua martxan dela gogorarazi zien. Dena dela, auzokideak kezkatuta daude ez ote den irtenbide estetiko batekin konformatuko alkatea.

Udaleko gainerako alderdietako kideekin batzartu ziren atzo Sanduzelaiko auzokideak. Denek erakutsi zieten euren disposizioa eta denek onartu zuten arazoa ez dela bakarrik auzoarena. Hori ere uste du Ibarrolak eta dagoeneko Nafarroako Gobernuarekin hizketan ari da gaiaz.

"Sanduzelain dagoen biribilgunearen arazoa ez da konponduko orain jarri dituzten zebrabide berriekin", argi dute auzokideek. Are, esan dute trafikoa gehiago pilatzen dela eta ilara handiagoak sortzen direla ordutik. "Auzokideentzat errazagoa da oinez ibiltzea bai, baina ez da aski horrekin", kexu dira. Trafiko mardulaz gainera, sortzen den soinua eta poluzioa ere aintzat hartzekoak direla diote. Horregatik guztiagatik, auzokideen laguntzaz egindako trafikoari buruzko ikerketa, eginen den proiektuaren pliegoetan baldintza gisara sartzeko eskatu dute bizilagunek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!