400 lanpostuko murrizketa proposatu du Nafarroako Volkswagenek. Ia bi urtez aplikatuko litzateke: 2024 erdialdetik 2025 amaiera arte langile gutxiago beharko dituela esan die zuzendaritzak enpresa komitekoei. Hori hala izanda ere, zuzendaritzak langileen batzordeari ziurtatu dio 2027tik aurrera egungo enpleguari eutsi ahalko zaiola. Lan hitzarmena negoziatzeko lehen bileran egin ditu baieztapen horiek zuzendaritzak. ELA sindikatuaren ustez lehen bileran ikuspegi beltza jarri die mahai gainean zuzendaritzak baina negoziazioan jarri du begirada: "Badaude tresnak 400 langile ez kaleratzeko. Aurretik, Covid garaian ezarritako erregulazio espedienteen bitartez egin daiteke", azaldu du Igor Peñalver ELAko Volkswageneko ordezkariak.
Iruñeko lantegian lanak eginen dituzte. Datorren urte erdialdean hasiko dira, eta 2025eko amaiera arte bederen irautea espero da. Bitarte horretan, Volkswageneko langileek bi txanda eta erdiz egingo dute lan. Orain, egunean hiru txanda dituzte, eta egokitzapen hori astean nola antolatzen den negoziatu beharko da. Aurten amaituko da egungo lan ituna. Hala, auto elektrikoaren ekoizpenera egokitzeko prozesuak fabrikaren antolamenduan eta lan baldintzetan izango dituen ondorioek erlazio zuzena dute, eta, hortaz, industria planaren eta lan hitzarmenaren negoziazioak bide beretik doaz.
Volkswagenek espero du fabrikak bere ekoizpen ahalmen handiena izango duela obrak bukatu eta hurrengo lan ituna hasten denerako: 2027an 350.000 ibilgailu egitea espero du, eta 2028an, beste horrenbeste. Egungo enpleguari eusteko asmoa duela dio, eta lanpostu gehiago sortzeko aukera ez du baztertu.
Iragan astean osatu zen negoziazio mahaia. Alde batean, Volkswageneko zuzendaritzako hamabi kide jarri dira, eta sindikatuen aldean, beste hamabi —UGTk eta CCOOk hiruna ordezkari dituzte, eta ELAk, LABek eta CGTk, bina—.