Hogei urte bete ditu Erripagaina auzoak eta 13.000 biztanle inguru bizi dira bertan. Administratiboki "nahasi xamar" dago auzoa. Oinarrizko zerbitzuei dagokienez ez dute eskaintza zentralizaturik: zerbitzuaren arabera Uharteko Udalera, Burlatako Udalera, Eguesibarko Udalera edo Iruñeko Udalera jo behar dute bizilagunek. "Fisikoki auzo bakarra da baina administratizioak eskaintzen dituen zerbitzuei dagokienez lau zatitan gaude banatuta", hala azaldu du Alberto Errea Erripagainako bizilagunen elkarteko idazkariak. "Oinarrizko dotazioak nahi ditugu auzoan: ikastetxeak, kultur etxea, osasun etxeak, kiroldegiak... hori Nafarroako Gobernuaren ardura ere bada", esan du Erreak. Gobernua 2024rako prestatzen ari den aurrekontuetan Erripagainarentzako dirua bideratzea espero dute bertako bizilagunek.
Zerbitzuak bai, baina
Lau Udalek diote zerbitzuak badituztela Erripagainan, baina ez auzoan. "Zerbitzuak jasotzeko kalera jo behar dugu", jakinarazi du. "Udalak oso eroso egon dira orain arte, auzo honengatik diru-sarrea ugari izan dituztelako, baina egoera administratiboa konpondu arte ez dute inbertsiorik egin nahi auzoan", gaineratu du. Aitzakitan aritzea leporatu diete Udal agintariei. Izan ere, egoera administratibo hori bideratzeko ez dute urratsik egin bizilagunen elkarteko idazkariaren ustez.