Iriartek Lizarragaren testuen azterketa egin eta argitara eman zuen iaz, Euskaltzaindiaren eskutik. 5.000 eskuizkribu baino gehiago utzi zituen Lizarragak eta haietan aurkitutako 1.509 hitzen azterketa lexikoa jasotzen du argitalpenak. Hitz horietako asko erabilgarriak izan daitezke gure eguneroko solasaldietan eta horietako batzuk aukeratzeko eskatu diogu Ibai Iriarteri Irrintzi Plaza saioan.
Joakin Lizarraga (Elkano 1748 - Elkano 1835) euskal letretan ezagutzen den idazlerik oparoenetakoa izan zen, eta liburu hau Nafarroa Garaiko euskara hobeki ezagutzeko aproposa da. Idazlearen bizitzaren nondik norakoak, obra, erabilitako idatzizko iturriak eta lexikoaren azterketa filologiko eta dialektologiko xeheak agertzen dira liburuan. Hain zuzen, Lizarragaren lanetatik hautatutako 1.509 hitzen azterketa lexikoa jasotzen du argitalpenak.
Iriartek gogora ekarri bezala, “lehen euskara modernoaren garaian, 1745 eta 1896 artean, hasi zen Iruñerriko euskara galtzen. Joakin Lizarragaren eta beste egile batzuen asmoa, elizako sermoietarako euskarazko materiala edukitzeaz gain, euskararen maila mantentzea izan zen".