Nafarroako Gobernua osatzen duten indarrek (PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) sinatutako akordio programatikoan islatzen den erabaki hau "oso positibotzat" jo du LOIUk (Lodosa Asociación de Independiente Unidos). Gaur egun Ángel Martínez Baigorri Ikastetxe Publikoan eta Lodosako ikastolakoan hezkuntza-eredu horretan ikasten ari diren familiei eta haurrei jarraipena bermatzeko beharrari erantzuten dio erabaki honek. “Institutuan D eredua ezartzea neurri justua da, eta ikasketak euskarazko ereduan egiten dituztenek beren herriko institutuan egiten jarraitzeko aukera izango dute. Horrek beste edozein hezkuntza-eredu ikasten dutenei ematen zaizkien eskubide berberak bermatzen dizkie ".
Ideia da, gainera, inguruko herrietako beste txikiek, Sesmakoek esaterako, etxetik gertu ikasten jarraitzea. Sesman ere lehen Hezkuntzan D eredua ezarrita dago.
Lodosan D eredua 2016an ezarri zen. LOIUk adierazi duenez, "hainbat hamarkadatan, Nafarroako UPNko Gobernuek ukatu egin zieten Lodosako haurrei eskola publikoan D ereduan ikasteko aukera. Beraz, azken urteotan lortutako aurrerapenak, euskararen normalizaziorako aurrerapauso garrantzitsuak izateaz gain, eskubideetan eta askatasunetan aurrera egitea dakarte. Orain, Lodosan, edozein hezkuntza eredu aukera dezakegu, eta Lehen Hezkuntzan zein Bigarren Hezkuntzan bermatuta daude. Gure herrian Nafarroako berezko bi hizkuntzak berdintasunez ikastea lortu da, duela urte gutxi ezinezkoa".
Lodosako PSNren aldetik, Mª Teresa Campo bozeramaile eta Hezkuntza zinegotziak esan du ezarpen hori "espero zen zerbait" zela, "eta uste dut logikoa eta ona dela Lodosarentzat; hobetzea den guztia eta institutua, zonaldeko burua izanik, hazten eta alternatibak eskaintzen jarraitzea positiboa da". Campok zioen, gainera, datorren ikasturteari hasiera emateko, aurten Ángel Martínez Baigorri ikastetxean Lehen Hezkuntzako 6. maila eginen duten ikasleak daudela eta, beraz, datorren urtean, ezarpen hori egin ezean, Lizarrara joan beharko luketela ikastera, gertu bezala.