Arrotxapeko osasun-etxeko langileek erasoen kudeaketa prebentzio arloan zehazteko eskatu dute

Iosu Ganuza Garcia 2023ko mai. 9a, 11:53

Dozenaka langilek elkartasuna adierazi diete asteburuan erasoa jasan zuten administrazioko kideei. 

Aurreko astean Arrotxapeko osasun-etxeko administrazioko bi langilek eraso fisikoa jasan zuten, "zauri larririk ez zuen" eta "bere kabuz ospitalez kanpoko larrialdiak eskaintzen dituen zentro batera joan zitekeen" paziente baten partetik. Hala salatu dute gaurko elkarretaratzean, zehaztuta "pazientea haserretu" egin zela "anbulantzia zerbitzua ukatu zitzaiolako, besoan zuen zauria larria ez zelako eta bere kabuz joan zitekeelako". 

Erasoa jasan zuten langileen kideek gaur elkarretaratzea egin dute "Erasoi Stop!" esateko. Gogorarazi dute gainera atzo bertan Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko langile batek erasoa jasan zuela ere paziente baten eskutik. 

Gogorarazi dute administrari, erizain eta medikuek haien lana "ahalik eta hobekien" egiten dutela, duten "paziente kopurua eta baldintzetan". Nabarmendu dute Arrotxapeakoa Nafarroako osasun-etxerik handiena dela, 26.000 paziente artatzen baitituzte, 60 langile izanik.

Zentro honen kasuan arratsaldez ez dute ospitalez kanpoko zerbitzurik esakintzen, osasun arloko profesionalak haien pazienteen jarraipena egiten aritzen baitira bazkalostean eta sarri "etxez etxeko zerbitzuan ari dira".

Segurtasun protokoloak berrikusi, eta erasoen kudeaketa lan-arriskuen prebentziorako protokoloan sartzea dira gaur plazaratutako eskaerak. 

Asteburutik segurtasun pribatuko zaintzaile bat ari da lanean. 

Gaur goizean Aranguren, Sarriguren, Ermitagaña, Donibane, Noain-Elortzibar, Sanduzelai, Uharte, Mendillorri, Berriozar, Buztintxuri, Txantrea, Bigarren Zabalgune, Arrosadia, Burlata, Barañain eta Antsoaingo osasun-etxeetan ere elkarretaratzeak egin dituzte. 

Herritarrek aldiz kritikatu dute auzoko osasun-etxea “hondatzen” ari dela eta “geroz eta premiazkoagoa” dela “kalitatezko lehen mailako arreta-zerbitzua” bermatzea. Horregatik maiatzaren 11n, ostegunarekin, manifestazioa eginen dute arratsaldeko 18:00etan, Anelier pasealekutik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!