EH Bilduk Erripagainaren egiturari buruzko plana aurkeztu du

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 13a, 13:19

Koalizioak egitura-plan bat proposatu du, eta auzoaren etorkizun instituzionala herritarren kontsulta baten bidez erabakiko dela agindu.

2024ko udaberrian Erripagainaren etorkizuna erabakiko duen egitura-plan bat eta herri-kontsulta bat proposatu ditu EH Bilduk.

Horren berri eman du abertzaleen koalizioak prentsaurreko batean. Bertan, alderdi horrek Nafarroako Parlamentuan eta Erripagañan ardura duten lau udaletan dituen ordezkari eta maiatzkeo hauteskundeetako hautagaiek parte hartu dute.

Agerraldi horretan gogorarazi dutenez, 2016an, Joseba Asiron Iruñeko Alkatetzan zegoela, "oinarrizko zerbitzu batzuk koordinatzeko esparru-hitzarmen bat sinatu zen, hala nola, bide-garbiketa, lorezaintza, patruilatzea eta udaltzaingoek trafikoa kudeatzea".

Baina ordurako argi zegoen formula hura behin-behinekoa zela eta administrazio-banaketa horri azken irtenbide bat eman beharko litzaiokeela. Horretarako, udalen arteko kontseilu bat eta jarraipen-batzorde bat sortu ziren.

Laura Aznal parlamentariak aitortu duenez, "egia esan, azken lau urte hauetan oso aurrerapen gutxi egin dira Nafarroako Gobernuaren geldotasunagatik, batez ere Navarra Sumak gobernatzen dituen hiru udaletan (Iruñea, Burlata eta Eguesibar) izan duen geldotasunagatik eta bere erantzukizunak bertan behera uzteagatik".

Hori dela eta, denbora honetan zehar burututako hainbat ekimenen berri eman dute, "Erripagainaren etorkizunari buruzko aurreikuspenak eta erabakiak arintzeko eta zehazteko, baina orain arte emaitzarik eman ez dutenak".

"Susmoa dugu, batez ere Burlatako Udaleko Alkatetzak interes handiagoa duela hirigintza-lizentziei etekin ekonomikoa ateratzeko konponbideak proposatzeko baino. Hori erabat babesten dute Maya alkateak eta Echeverría zinegotziak, publikoki adierazi duten bezala", kritikatu du Nafarroako Parlamentuko zerrendaburu izango den Aznalek.

Joseba Asironek zehaztu duenez, EH Bilduren asmoa da "2024ko udaberrirako erabaki bat hartzea Erripagainaren etorkizun instituzionalari buruz; horretarako, lurralde berriaren galera edo onarpenak udal bakoitzeko kontuetan izango duen eraginari buruzko azterlan ekonomiko-finantzarioak egingo dira, eta udalen arteko kontseiluaren deialdia egingo da eztabaiden egutegia ezartzeko eta 2023ko irailerako parte-hartze prozesua diseinatzeko".

Bere aldetik Berta Arizkunek, Burlatako zinegotzi eta EH Bilduren alkategaiak, dotazioen plana aletu du, eta honako hauek nabarmendu ditu: kiroldegi-pilotaleku eta civivoxerako lursailak, , Mendillorrirekiko harremana hobetzeko Sarrigurengo errepidea egokitzea eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako loturak Sarrigurenekin eta Uharterekin hobetzea.

Haur-eskolaren eta osasun-zentroaren eraikuntza arintzeko beharra ere aipatu du, aurreikusitako kirol-eremua zaintzeaz gain, bertan beisbol-zelai bat ezartzea baztertuz. "Oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten azpiegiturak oraindik garatu gabe badaude, hobe da beisbol-zelaia Nafarroako Gobernuaren kirol-horniduretara eramatea", azaldu du Arizkunek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!