Hezkuntzak bertan behera utzi ditu Irabia, Miravalles, Izaga eta El Redin ikastetxeekin itunak

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 30a, 10:52

Sexu bereizketaren inguruan LOMLOE hezkuntza legeak dioena ez betetzeagatik, itunik gabe geratuko dira Opus Deiren ikastetxe hauek. "Hezkuntza ikuskaritzak berretsi du, oraindik ere mutilak eta neskak banatzen dituztela ikastetxe hauetan" azaldu du Hezkuntza Departamentuak. Datorren ikasturtetik aurrera aplikatuko da neurria.

 

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak astelehen honetan igorri die Irabia-Izaga eta Miravalles-El Redín ikastetxe pribatuei bi ikastetxeetan Batxilergoko etapako hezkuntza-itunak iraungitzearen jakinarazpena.

Hezkuntza Departamentuaren erabakia ikastetxeen alegazioak jaso eta aztertu ondoren hartu da, alegazio horiek atzera bota baitira. "Itunak iraungitzeko arrazoia, bi kasuetan, honako hau da: ikastetxeek LOMLOEren 25. xedapen gehigarria bete ez dutenez, Batxilergoko ikasleak beren generoagatik bananduta mantentzen dituztenez, ez dituzte itunak egiteko baldintzak betetzen, eta, beraz, ez-betetzea egiaztatu ondoren, bidezkoa da ituna iraungitzea", Foru Gobernuak ohar batean azaldu duenez.

Iraungitzearen ondore-datari dagokionez, 2023ko abuztuaren 31ra arte atzeratzen da, "arrazoi pedagogikoak kontuan hartuta, 2022/2023 ikasturtean ituna berehala iraungitzeak ikasleei eragin ez diezaieten".

Foru Gobernuak adierazi duenez, "Batxilergoko etapari dagokionez, ezin da ituna luzatu, aurreko ikasturtean ikastetxe horietan bertan Lehen Hezkuntzako ituna amaitu zenean egin zen bezala; izan ere, horretarako gaitzen duen arauak, 11/1998 Foru Legeak, ikasleak egiten ari diren derrigorrezko irakaskuntzak amaitu arte luzatzea baino ez du baimentzen, eta Batxilergoko etapa ez da derrigorrezko irakaskuntza".

Zegokion prozedura izapidetu ondoren, 2022ko apirilean, Irabia-Izaga eta Miravalles-El Redín ikastetxe pribatuei berritu zitzaien Haur Hezkuntzako eta Batxilergoko etapetarako ituna; izan ere, bi ikastetxeek beren eskabideetan adierazi zuten Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 489/2021 Ebazpenean eta, zehazki, LOEren 25. xedapen gehigarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen zituztela.

Hala ere, Foru Gobernuak adierazi du ikasturte honen hasieran Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzuak egiaztatu zuela ikastetxe horiek, Batxilergoko etapan, ikasleak bereizita zituztela generoaren arabera. Kontuan hartuta horrek LOEren 25. xedapen gehigarria ez betetzea ekar dezakeela, 2022ko irailean Hezkuntza Sailak bi ikastetxeei helarazi zien aipatutako zerbitzuak egindako akta, alegazioak egin zitzaten.

Bi ikastetxeek alegazioak aurkeztu zituzten eta administrazioak horiek baloratu zituen. Joan den abenduan, Batxilergoko hezkuntza-ituna iraungitzeko ebazpen-proposamena bidali zitzaien ikastetxe horiei, eta alegazioak aurkezteko beste epe bat eman zitzaien.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!