Noiz iritsiko da Olentzero zure herrira edo auzora?

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 22a, 10:49

Ez du hutsik eginen. Olentzero Iruñerriko herri eta auzo guztietara helduko da datozen bi egunetan. Kontsultatu eskualdeko egitarauak hemen.

Ostiralea

Sarrigurenen eta Iruñeko Ermitagaña, Mendebaldea, Azpilagaña, Iturrama eta Mendillorri auzoetan izanen da gaur ikazkina

Azpilagaña izanen du lehenengo helmuga ikazkinak. Oberenatik 16:00etan irtengo da auzora Olentzero kalejiran. 16:15ean Xabier Mina plazan hartuko dute, 16:50ean jubilatuen etxabea bisitatuko du eta 17:15 Luis Morondokoa. 18:00etan Ezpata dantza eginen dute Oberena dantza taldeko kideek, Miguel Astrain kalearen atzealdean; eta 18:30ean abiatuko da auzoko kalejira handia.

Bazkari batekin abiatuko dute eguna Mendillorrin. Olentzerok Maridomingirekin batera zeharkatuko du auzoa. 17:00etan hasiko da kalejira elizan eta Antzarako plazaraino joanen da. Bertan, 20:30ean, kontzertuak antolatu ditu Mendillorriko kultur koordinadorak. Zazu eta Naxker taldeek eskainiko dute zuzenekoa.

Karrantzako Bartolome kaleko 52. Zenbakian izanen dira Ermitagaina eta Mendebaldea auzoetako ekitaldiak. 16:30ean txikientzako jolasak eginen dituzte eta 18:00etan aterako da kalejira. Fanfarreaz eta txalapartaz lagunduta izanen da Olentzero, eta txokolate beroa banatuko dute. 20:00etan, berriz, zozketa eta bokatak antolatu ditu Ermitaldea kultur auzo elkarteak.

Olentzero eta Maridomingirekin eginen dute kalejira, Iturraman. 18.30ean aterako dira Amaiur ikastolatik, joaldun, animalia, dantza taldeak eta gaiteroak lagunduta. Txiki jai tabernan eginen du lehenengo geraldia, eta txokolate jatea, saskien zozketa eta Amaiur dantza taldearen emanaldia eginen dituzte. Bigarrena, berriz, Lopez frontoian eginen du. Gabonetako kartelak zintzilik topatuko ditu bertan, eta haur hezkuntzako txikiek gabon kantak eskainiko dizkiote.

Bi urteko etenaren ondotik, itzuliko da Sarrigurenera. Menditik sartuko dira hirian Olentzero eta Maridomingi, 18:15ean. Ordubete iraungo du kalejirak, eta amaieran salda banatuko dute eta musika eta dantzak izanen dira.

Larunbata

Bi urteko etenaren ondotik, Olentzeroren Lagunak elkarteak urteroko kalejira antolatu du, larunbaterako. Iruñeko Alde Zaharreko eta Zabalguneko kaleak zeharkatuko ditu. 18:00etan, Iturralde eta Suit kaletik irtengo da Olentzero. Hamabi gurdi izanen ditu segizioak eta 2,5 kilometroko ibilbidea eginen dute, 750 lagunen artean. 19:30ean udalbatzak harrera eginen dio Iruñeko udaletxean ikazkinari, La Pamplonesa bandarekin batera. Emakumeen pilota omenduko duen zapi gorria jantziko du Olentzerok. Maider Ardanaz eta Maite Ruiz pilotariek ezarriko diote.

Iruñeko Sanduzelai auzora 18:00etan eginen diote ongi etorria ikazkinari, Juana Garcia Orkoien plazan. Auzo bira eginen dute ondoren, eta haurrek Olentzero eta Maridomingirekin egoteko aukera izanen dute 19:30etatik aurrera, peñan.

Anzuelo plazatik irtengo da 18:00etan ere Donibaneko Orantzaroa. Aurretik, ordea, egun osoko egitaraua antolatu dute San Juan Xar elkarteak etea Auzoak taldeak. Goizean animaliak, musika eta haurrentzako denbora pasak izanen dira Anzuelo plazan eta 11:00etan gaztainak eta txokolatea banatuko dute Martin Azpilikueta kalean.

Txokolatea banatuz abiatuko dute eguna Txantreako Armonia Peñan. Olentzero txiki kalejira eginen dute 18:00etan. Ordu erdi geroago izanen da handia, Torralba del Rio kalean. 19:30ean iritsiko dira Ezkaba plazara. Gaur, berriz, haurrentzako argiontzi tailerra eginen dute Armonia peñan.

Arrotxapeko jari batzordeak Aita Barandiaran plazan eginen die harrera Olentzero eta Maridomingiri, 18:00etan. Auzoan zehar kalejiran atera eta Maiteminduen parkeraino joanen dira, dantza, musika eta giro apartaz girotuta.

Auzoa euskaraz bizitzeko egitaraua prestatu dute gaurko Erripagañan. Olentzeroren postontzia prestatu dute, haurren eskutitzak jasotzeko, auzoko karpan. 18:00etan txarangak lagunduta irtengo dira postontziaren bila. Ordubete beranduago txorizoa sagardotan eta txokolatea banatuko dituzte, karpan. 19:30ean Ene Kantaken astronauta izanen da. Eskutitzak jaso ondoren, larunbatean iritsiko da Olentzero auzora. Karpan jasoko ditu haurrak, eguerdian. Erripagañako euskara taldeak antolatu ditu ekitaldiak, Burlatako Udalarekin batera.

Kafe herrikoi batekin hasiko dira, berriz, Burlatako herrian. Erripagañara bisita eginen du ikazkinak, 17:30ean, eta 18:00etan izanen da kalejira herritik, Burlatako zubitik irtenda. El Soto, San Frantzisko, Benten ingurubidea, Ezkabazabal, Nagusia, Joaquin Azkarate eta Hilarion Eslabatik pasa ondoren, Larrañetako plazan amaituko da. Gauerditik aurrera, berriz, gabon gaueko gaupasa egiten dute larunbatean, eta gaur, euskal jaia.

Mikelats dantza taldea plazaz plaza ariko da larunbatean, Atarrabian. 17:00etan txokolate jatea eginen dute, Gure Txolarte elkartean, Jaialdi akordeoilariekin. Ordubete beranduago iritsiko dira Olentzero eta Maridomingi trinketera. Udaletxe plazan eginen diete ongi etorria. Gaur, ordea, txikifesta eginen dute. Haurrentzako herri kirolak eta jolasak izanen dira, udaletxeko plazan.

Haurrentzako ipuin kontalaria antolatu dute  16:00etan, Uharteko Berdintasuna Elkartean, larunbatean. 18:00etan, ongietorria eginen zaie Olentzero eta Maridomingiri San Estebanen eta kalejiran aterako dira herriko kaleetan zehar Uharteko kultur taldeekin. Antsoainen ere ordu horretan eginen diote harrera ikazkinari, igerilekuen ondoko zubian.

Zizur Nagusian Foruen plazako gibelaldean izanen da ongi etorria, 17:30ean. Zabalgain karrikatik auzo berrira aterako dira kalejiran. Olentzeroren agurra, berriz, frontoi ertainean eginen dute. Beste kalejira bat eginen dute ondoren, herrian zehar, 19:30ean abiatuta.

Harizti tixki eta Barañaingo txistulariekin udaletxeko plazatik kalejira eginen dute, Barañainen, 10:30ean. Zirika Zirkusek Aurkitu gabeko altxora ikuskizuna eskainiko du, 12:30ean. 18:00etan eginen zaie Olentzero eta Maridomingiri ongi etorria, lakuan. Kalejiran zeharkatuko dute hiria, udaletxeko plazaraino.

San Miguel eta Errege kalearen arteko bidegurutzetik irtengo da, 18:00etan ere, Noaingo kalejira. Olentzero eta Maridomingi izanen dira, eta gaztaina erreak banatuko dituzte. Foruen plazan amaituko dute ibilbidea, eta dantzak eta musika izanen dira bertan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!