Uharte eta Urmenetari urrezko domina kenduko ote dion ez du argitu nahi izan gobernuak

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 16a, 13:38

Nafarroako Gobernuak onartutako zerrendan ageri ez direla azpimarratu du Elma Saiz bozeramaileak. Memoria demokratikoarekiko konpromisoa dutela eta legea beteko dutela adierazi du.

"Ahalik eta lasterren eta modu irmoan" Nafarroako erakundeek frankistei egindako omenaldiak berrikus ditzala eskatu zion ostiralean parlamentuak Nafarroako Gobernuari. Horri kasu eginen diotela esanez abiatu du gaur gobernu saioaren osteko pentsaurrekoa Elma Saiz bozeramaileak. Gobernuak memoriarekin konpromisoa duela esan du Saizek, eta legea beteko dutela. Baina kazetarien galderei emandako erantzunak aztertuz, beste zerbait ondorioztatu daiteke.  

Frankismoko biktimen babeserako legea jarraituz, sinbologia frankista biltzen duen azterlan bat eskatu zion NUPi gobernuak 2016an, gero horiek ezabatzeko eta bertan behera uzteko. Unibertsitateak 29 izeneko zerrenda osatu zuen, non Felix Uharte eta Miguel Javier Urmeneta enpresariak ageri diren. Gobernuak, ordea, batzorde teknikoan txostena aztertu ondoren, zerrenda aldatu zuen. Lehenengo zerrendako hamasei izen desagertu ziren, eta zazpi teniente eta general frankista gehitu zituzten azkenean gobernuak onartutakoan. Orain, "legea betetzeko", azken zerrenda hori du oinarri gobernuak. Aurreko astean emandako bi arrazoiak errepikatu ditu gaur bozeramaileak: saria "kolektiboa" izan zela eta gobernuak onartutako zerrandan ez daudela enpresariak. 

Bi aukera izan daitezke argudio horiek gainditzeko. Gobernuak 2016an onartutako gobernu akordioan memoriaren zuzendari nagusiari errolda eguneratuta izateko eskatzen zaio. Egingo balu, izen horietara iritsiko lirateke. Baina aukera gutxi ditu honek, Martin Zabalzak onartu baitu "adostasuna" behar dela horretarako.

Bigarren zirrikitua Madrilek Uharteri lan arloko merituaren urrezko domina kentzeko erabilitako txostena da. Nafarroak eskatu dio Espainiari, baina oraindik ez dute jaso.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!