Garces de los Fayos ikastolan azken lanak egiten ari dira asteburu honetako festarako eta bertara hurbildu zen Irrintzi Plaza. Tafallaldean ospatzen den laugarren Oinez da. Lehenengoa 1986an izan zen, eta ondoren etorri ziren 1997an eta 2011n egindakoak.
Aurten berrogeita hamar gehi bi urte betetzen dituen Garcés de los Fayos ikastola osatzen dute 223 familiak, 35 langilek eta 318 ikaslek, besteak beste, Amatriain, Amunarrizketa, Artaxoa, Artariain, Barasoain, Beire, Garinoain, Iratxeta, Larraga, Miranda, Erriberri, Puiu, San Martin Unx eta Tafallakoak. Dagoeneko 644 ikasle ohik amaitu dituzte ikasketak ikastola honetan.
Aurtengo kanta osatu dute Rotten XIII taldeko kideek. Haiei egin zieten enkargua, hasiera batean izan zen kanta ere haien doinuekin egitea, baina erabaki zuten ikastolatik atera diren musikarientzako pieza sortzea. Amaiur Espartza taldekidea, ikasle ohi eta irakaslea da.
📻🎙️| SAIO BEREZIA
— Euskalerria Irratia (@fm983irratia) October 14, 2022
Entzun hemen @Nafarroa_Oinez-i buruzko #IrrintziPlaza saio berezia
Besteak beste #RottenXIII-ko Amaiur Espartza izan zen, ikastolako ikasle-ohi eta irakaslea, eta aurtengo kantaren sortzaileetako bathttps://t.co/QajWhhmehD pic.twitter.com/UnsAhVAWwv
Iaz pandemiak behartuta ireki zuten Lizarra ikastolan bi eguneko jaia ospatzeko atea, aurten asteburu pasa egitera Tafallara hurbilduko direnentzako aisialdi tartea eskainiko dute ere larunbatean nahiz eta plater nagusia, jaia, igandean izango den.
Aurten sarbide errazeko hiri-zirkuitua osatu dute, Kondearen parketik, Eretatik edo Kirol Hiritik igarotzen dena. Guztira ia 2 km eta lau eremu ditu, Sustrai, Zuhaitz, Hazi eta Kimu izenekin bataiatuak
Egitarau osoa www.nafarroaoinez.eus atarian kontsulta daiteke.