400 lagun inguruk parte hartu dute mankomunitateak Arga eta Ultzama ibaiak garbitzeko deituriko auzolanetan

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 10a, 12:04
Aurreko asteburuan parte hartu zuten bi boluntario. Iturria: Iruñerriko Mankomunitatea

Otsailaren 26an iparraldeko tartea garbitu zuten eta astebete geroago, martxoarne 5an, hegoaldekoa.

Arrakastatsuak izan ziren Iruñerriko Mankomunitateak eskualdeko ibaiak garbitzeko antolatutako auzolanak. Aurreko bi asteburuetan 400 pertsona inguruk parte hartu zuten otsailaren 26an Arga Garaia eta Ultzama garbitzeko jardueran; eta martxoaren 5ean Arga Beherea, Elortz eta Arakil garbitzekoan.Bi asteburutan ibaiertzeetan egon behar ez luketen 9.000 kilo hondakin jaso zituzten.

Lehenbiziko jardunaldia, Hiru Herrin (Atarrabian, Burlatan eta Uharten), Ezkabartan eta Esteribarren egin zuten. Otsaileko azkeneko asteburuan 125 lagun inguruk parte hartu zuten eta 3 tona hondakin bildi zituzten, haien artean, Iruñerriko Mankomunitateak jakinarazi duenez, "plastiko txikiak, gurpilak, tamaina handikoak eta egurrezko paletak". Inguru horietan abenduko uholdeez geroztik egindako hirugarren garbiketa auzolana izan da, baina Mankomunitateak deituriko lehenengoa, nahiz eta aurrekoetan ere laguntza eta babesa eman duen.  

Bigarren jardunaldia aurreko asteburuan egin zuten, martxoaren 5ean Barañainen, Aratzurin, Ororbian eta Iberon. Tarte horretan Iruñerriko Ibai Parkearen eremuetan zein horietatik kanpo egin zituzten garbiketa lanak, esate baterako Etxaurin, Etxarrin, Ziritzan, Bidaurretan, Oltza Zendean eta Ollaranen. Bigarren auzolan honetan 270 emakume-gizonek parte hartu zuten, eta jasotako hondakin kopurua 6 tonatik gorakoa izan zen.Haien artean Mankomunitateak nabarmendu ditu: "bidoiak, tamaina handiko plastikoak eta bai metalezko hondakinetarako edukiontzi bat ere".  

Auzolanean parte hartu zuten boluntarioek herri guneetara eta bideetara gerturatu zituzten hondakinak, eta astean zehar euren tratamendurako bildu dituzte Mankomunitateko beharginek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!