%3,91 hondakin gehiago berreskuratu dute Iruñerrian

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 2a, 13:02

Mankomunitateak emaniko datuen artean nabarmentzekoa da gai organikoen bilketaren %4,2ko hazkundea

Iaz baino %1,39 zabor gehiago sortu zen Iruñerrian. Eskualdeko mankomunitateak emandako datuen arabera 2021. urtean 151.167 tona zabor jaso zituzten, 2020an aldiz 149.093. Hala ere, hazkunde "txikia" dela iritzi dio Iruñerriko Mankomunitateak eta merkatal-jardueraren itzulerari egozten dio hondakinen igoera. 

Baina nabarmentzekoa da berreskuratutako hondakinen kopurua igo egin dela. 61.237 tona zabor birziklatu, berrerabili edo konpostatu zituzten Iruñerrian iaz, 2020an baino %3,91 gehiago. Gainera, "2021ean berreskuratutako kantitatea sortutako guztiaren %40,51 izan zen" ohartarazi dute mankomunitatetik, eta beraz lortu zen "2020an baino pitin bat handiagoa den indizea".

Nabarmentzekoa da oihal, ehun eta arropa bilketak jasandako gorakada %21,8koa izan dela, 1.244 tona batu dituztelarik. 

2021ean 10.312 tona beira gehiago bildu zituzten, hau da, aurreko urtean baino %11 gehiago. Papera eta kartoiaren bilketa ere hazi egin da, %3,28 hain zuzen ere.

Hondakinak berreskuratzeari dagokionez iaz gai organikoak izan ziren, tonatan, kantitate handienean tratatutakoak. Bosgarren edukiontzi edo edukiontzi marroian, lorezaintza-edukiontzietan edo auzo konpostategietan bildutako 20.888 tona berreskuratu baitzituzten. 

Hala ere, Iruñerriko Mankomunitatetik ohartarazi dutenez "oraindik ere urrun gaude Nafarroako Hondakinen Legeak markatzen dituen helburuetatik, 2027. urtean gai organikoen %70 bereiz bildu
beharko ditugula adierazten baitute", eta egun %19ra ez da iristen hiriburua eta inguruko bailarak hartzen dituen eskualdea. 

Honekin batera nabarmendu dute abenduan gertatutako uholdeen ondorioz "792 tona hondakin" bildu dituztela azkeneko asteetan eginiko auzolanetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!