Rafa Alday: "Planetak ez du arazorik, geuk ditugu bizirik jarraitzeko zailtasunak"

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 18a, 16:28

Rafa Alday, (Argazkia: Dani Blanco. Argia)

Argia aldizkarian egin diote elkarrizketa pankartaren bi aldeetako ekologistari. Klima-aldaketa eta erregai fosilen eskasia dira gaur egun jada bertan ditugun arazo askoren sorburuak. Uholdeak, suteak, pertsonen migrazio masiboak eta hornidura arazoak gero eta ohikoagoak dira eta izanen dira. Rafa Alday ekintzaile ekologista eta adituaren ustez, desazkundea da bide bakarra. 

Rafa Alday Agirretxe. Donostia, 1957

Fisika Zientzietan lizentziaduna. KEM Kontzientzia Eragozleen Mugimendu antimilitarista eta Lakabe ekimenetako sortzaileetakoa da. Zentral nuklearren aurkako aktibista eta ibilbide luzeko ekologista. Gaur egun Nafarroako Gobernurako ingurumen teknikari gisa ari da lanean.

 

Nola iritsi zinen ekologiaren aktibismora?
Gaztetan KEMen sorreran hartu nuen parte eta militarismoaren aurkako mugimendu honek eta ekologismoak bat egiten zuten neurri handi batean, batez ere zentral nuklearren aurkako borrokari dagokionean. 70eko hamarkadan Euskal Herrian aldarrikapen hori oso zabalduta zegoen eta nik nuklearren aurkako batzordeetan eta mobilizazioetan hartzen nuen parte. Gladys del Estalen lagun mina nintzen eta bera hil zuten Tuterako mobilizazioan berarekin nengoen. Epaiketan lekuko gisa deklaratu nuen. Horrek eraman ninduen inplikazio handiagoa izatera borroka hartan.

Armintzako nuklearren aurkako taldean aritu nintzen. Lemoizko zentralaren kontrako ekintza ez bortitza egin genuen hainbat hilabetez, eta militarizazio ikaragarriarekin erantzun ziguten. Esperientzia hura oso garrantzitsua izan zen. 1980an Lakabeko komunitatea sortu genuen gaur egungo zibilizazioari alternatibak bilatzeko helburuarekin eta han bizi izan nintzen 20 urtez. 2003an hasi nintzen profesionalki lanean ingurumenaren alorrean. Militantziatik nator. Pankartaren bi aldeak ezagutu ditut eta ikusten dudana da bietan ezintasun handia dagoela. Borroka ekologistan batzuetan garaipen txikiak lortzen dira, baina zibilizazio honek nora eramaten gaituen ikusten ari gara gaur egun argi eta garbi. Zorionez zentral nuklearrik ez dugu Euskal Herrian, adibidez, baina garapen-eredu guztiz predatzailea bai.

Zertan aldatu da ekologismoa azken hamarkada hauetan?
Eredu bat jasangarria den edo hondamendira garamatzan esaten genuenak, mugimendu ekologistak izaten ginen lehen. Gaur egun, ordea, Nazioarteko Energiaren Agentzia da adierazten diguna horrela ezin dugula jarraitu; Nazioarteko Meteorologia Elkartea da ohartarazten duena berotegi-efektuko gasen kontzentrazioak gora egiten jarraitzen duela edota Nazio Batuen Erakundea da anbizio falta ikaragarriagatik alerta gorrian gaudela zehazten diguna. Horrela jarraituz gero, ez dugu lortuko mende bukaerarako tenperatura 1,5 edo 2 gradu baino gehiago ez igotzearen helburua. Azkarrago joan behar dugu. Hori izan da Glasgowko bilerara eraman duten ideia nagusia.

Zergatik da horren larria egoera?
Ekuazio konponezin bati egin behar diogulako aurre. Alde batetik badugu sistema bat kontsumoaren eta ekoizpenaren etengabeko hazkundeaz elikatzen dena eta, bestetik, planeta akitu bat, lehenbiziko alerta-seinaleak ematen hasia da. Gasen isurketak moteldu edo amaitu arren, egun atmosferan dagoen gas kontzentrazioak planetaren beroketa eraginen du milaka urtez. Honetaz gain, argi eduki behar dugu erregai fosilak amaitze bidean daudela eta garestiagoa dela horiek lortzea.


"Diskurtso polita da esatea aldaketa sustatuko dut ezer debekatu gabe, baina ez da erreala: 2019ko irailean larrialdi klimatikoa deklaratu zen”

Sistema hori nola aldatu daiteke?
Oso zaila da. Egia da berri on bat dagoela: dagoeneko mundu guztiak, nolabait, ulertu du horrela ezin dugula jarraitu. Baina katuari joarea nork ezarriko dio sistema birbideratzeko? Hor dago koxka. Bi joera nagusi badira klima aldaketaren inguruan: alde batetik tekno-baikortasuna, hau da, teknologiari esker bizi erritmo honi eustea lortuko dugula uste duena, eta, bestetik, desazkundea defendatzen duena horrela jarraitzeko behar adina baliabiderik ez dagoelako. Kontsumoa eta gure ingurumen-inpaktua gutxitzea ezinbestekoa da. Ni joera honen aldekoa naiz. Hori da bide bakarra eta modu positiboan begiratu behar dugu, aukera ematen digulako aberastasunaren banaketa berri bat egiteko eta gertukora itzultzeko.

Bitxia da nola pandemiaren garaian jendeak berriro gozatu duen gertu duenarekin eta ez Bahametarako bidaiekin edota nola txalotu dugun osasungintzaren alorreko pertsonen ahalegina, adibidez. Ikusi dugu nola gertukoak inpaktu handi bati aurre egiteko aukera ematen digun.

Administrazioak neurri gogorrak hartzeko ahalmena izan du eta, aldi berean, herritarrok gertutasun balioak errespetatzeko gai izan gara. Baditugu tresnak, baina gai izan behar dugu horiek erabiltzeko.

Tabakoarena bada beste adibide bat nik maiz erabiltzen dudana: tabakoa espazio publikoetatik kentzeko gauza izan bagara, agintariek CO2 isuriak desagerrarazteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko gai izan beharko lukete. Hala ere, kontuan hartu behar da enpresa gutxi batzuk direla tabakoarekin lotura zuzena dutenak eta erregai fosiletan inplikatuta daudenak, aldiz, arlo guztietakoak. Hala ere, IPCCk (Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu Arteko Taldeak) ohartarazi digu soilik 2030era arte dugula gure jarrera aldatzeko epea. Petrolioaren erauzketaren gailur gorenera iritsi gara. Hemendik aurrera gutxiago egonen da eta murrizketak datoz. Kontua da kolapsoa eta desazkundea antolatzen dugun edo dena berdin uzten dugun eta salba dadila ahal duena. Administrazio publikoei eskatu behar diegu desazkundea planifikatzeko.

Lurrak ez du batere presarik. Planetak ez du arazorik aurrera jarraitzeko, geuk ditugu bizirik jarraitzeko zailtasunak.  

Nola egin daiteke hori kontsumismora emanak bagaude?
Klima-aldaketaren ondorio gero eta latzagoak pairatuko ditugu etorkizun hurbilean, zalantzarik gabe, eta gizarte-kohesioa da erresiliente izateko aukera bakarra.

Gauza probatua da hondamendien aurrean jendarteak antolatzeko gaitasuna duela, administrazioak gaindituz. Katrina urakanarekin ikusi zen, edo berdin 2019ko Tafallako uholdeetan; batez ere gazteak izan ziren elkartu eta birrindua zegoen herriari buelta emateko gai izan zirenak. Baina horretarako ezinbestekoa da aurretik kohesio sozial sendoa egotea.

Energia berriztagarriak ez dira soluziobidea?
Energia berriztagarriek, materialengatik eta potentziarengatik, ezin dituzte erregai fosilak ordezkatu guk behar dugun bezain azkar.

Nafarroan kontsumitzen dugun elektrizitatearen %74 berriztagarria da. Arazoa da elektrizitatea kontsumitzen dugun energia guztiaren %21 baino ez dela. Tenperatura altuak behar dituzten industrietan ordezkapena oso zaila da. Eta berdin kamioi, itsasontzi edo hegazkin bidezko garraioan edota nekazaritzan erabiltzen diren makinetan ere. Hidrogenoa da orain planteatzen dena, baina arazo asko ematen ditu eta engainu berri bat da. Orain baino lehen ere aurreranzko beste ihesaldi batzuk ezagutu izan ditugu, adibidez, bioerregaiak. Zaila da. Orain urrutitik datozen produktuak behar ditugu bizitzeko, bertako ekoizpenetik urrundu garelako. Bizimodu sofistikatua dugu eta ez dakigu zer dagoen horren guztiaren atzetik. Netflix ordubete ikustearen atzean 55 gramo CO2 isurketa dago, esate baterako. Zaborrak edukiontzira bota ondoren, ahaztu egiten ditugu. Garrantzitsua da jakitea zer dagoen produktu eta zerbitzu guztien bizi-zikloaren atzean.

Beharrezkoa da kultura berri bat eta badira itxaropenerako zantzuak. Adibide bat: herrialde nordikoetan zabaltzen ari da Flygskam edo hegal egitearen lotsa. Suedian sortutako mugimendua da, jendea animatzen duena hegazkinez bidaiatzeari uztera, garraio-modu horri lotuta dauden CO2 isuri handiak saihesteko. Ez da logikoa asteburu pasa Londresera joatea. Antonio Turiel aditu handiak adibide bat jartzen zuen: bi lagun Britainia Handiko hiri banatan bizi dira. Egun batean kafe bat hartzeko gelditu nahi zuten eta aukerarik merkeena suertatu zitzaien Malagan elkartzea. Ezin gara bizi halako jokamoldeak zigortzen ez dituen sistema batean.

"Esperientzia alternatibo interesgarriak ditugu Nafarroan: Bioeraikuntza, Landare, Energia Gara, Goiener, Emauseko Trapuketariak, Lakabe, Zorokiain, Oraintxe, ekologikoan ari diren nekazari eta abeltzainak..."

COVID-19a abisu edo lezio moduko bat izan da?
Bai. Bada lotura argi bat bioaniztasunaren suntsiketa eta gaixotasun birikoen zabalkundearen artean. Naturak eman digun beste alarma bat da. Uholdeak edo suteak beste zantzuak dira. Oraingoz libratzen ari gara, baina gerta daiteke sute menderaezinak pairatzea hementxe bertan.

Etorkizuna latza da, baina eutsi egin behar diogu eta ahal den modu baikorrenean. Behar-beharrezkoa dugu utopia berriak sortzea, eszenatoki hurbiletan eta guk dauzkagun balioetan oinarritutakoak,Tafallako gazteek egin zuten bezala, eta, aldi berean, administrazioekiko sintonian.

Lidergo sendoa behar da eta agintariek bertigoa sentitzen dute oso erabaki gogorrak hartu behar direlako. Horregatik Greta Thunberg bezalako aktibisten ekarpena oso mesedegarria da. Sinbolo bat da. Nafarroan, adibidez, esperientzia alternatibo interesgarri asko ditugu abian dagoeneko. Erronka da esperientzia horiek orokor bihurtzea.

Adibidez?
Bioeraikuntza, Landare, Energia Gara, Goiener, Emauseko Trapuketariak, Lakabe, Zorokiain, Oraintxe, ekologikoan ari diren nekazari eta abeltzainak... Iruñeko Udalaren Haur Eskoletan exijitzen da elikagaiak ekologikoak eta zero kilometrokoak izatea, eta hori oso garrantzitsua da haien karbono aztarna askoz txikiagoa delako. Eredugarria da beste administrazioetarako eta ekoizle ekologikoentzat oso hautu onuragarria. Esperientzia hau ongi atera bada, zergatik ez zabaldu erietxeetara eta administrazioak kontratatzen dituen jantoki zerbitzu guztietara?

Badakigu sistema gaiztoa dela eta agintariak enpresen mende daudela. Zenbat urte kostatu zaio Europar Batasunari esatea telefono mugikorren kargadoreen sistemak bateratu behar direla? Begi bistakoa da hori dirua ateratzeko negozioa besterik ez dela izan eta, hala ere, kosta egin da erabakia hartzea. Baina hori da bidea, eta erabakiak irmo hartu behar dira. Hasieran, lehenengo fasean, jokamolde berriak sustatu behar dira. Jendea gonbidatu behar da ohiturak aldatzera, baina gero betebehar batzuk ezarri behar dira. Urgentziak sustapen-aldi labur bat izatera eramanen gaitu, eta produkzio-modu jakin batzuek berehala derrigorrezkoak izatera pasa beharko dute.

Diskurtso polita da esatea aldaketa sustatuko dut ezer debekatu gabe, baina ez da erreala. 2019ko irailean larrialdi klimatikoa deklaratu zen eta zerbait egin behar da pauso sendoz.

Nafarroaren bide orria betetzen ari da?
Gauza batzuk zuzen egiten ari gara, baina adierazleek diote orokorrean ez goazela oso ongi. 2020rako BEG gasen isurketen %20ko murrizketa aurreikusten zen. 2019ko datuak baditugu jada eskuetan, laster publiko eginen dira, eta ez dira espero bezalakoak. 2030erako %45eko murrizketa beharko genuke 2005eko kopuruekin alderatuta, eta oso urruti gaude.

"Nafarroan 2030erako %45eko murrizketa beharko genuke 2005eko kopuruekin alderatuta, eta oso urruti gaude"

Hobekien egiten ari garena zer da?
Eraikuntza alorra da etxeko lanak hobekien egiten ari dena isurketak murrizte aldera. Nafarroako etxeen birgaitze plangintza aitzindaria da estatu mailan. Argi dago eraikin berrietan bestelako materialak erabili behar ditugula efizienteagoak izateko eta haien karbono aztarna gutxitzeko. Azken hamar-hogei urteotan Nafarroan eraikin oso handiak egin dira energia kontsumoa aintzat hartu gabe: Liburutegi Nagusia, Musikaren Hiria, Nafarroako Parlamentuaren egoitza, Lurralde Auzitegia… Orain ezin dira horiek bota beste batzuk egiteko, baina egiteko daudenenetan seriotasun handiz jokatzen ari dira. Legeak gero eta zorrotzagoak dira, baina arazoa da ez garela garaiz iritsiko. Horren arrazoia da badirela beste sektore batzuk aldatzeko zailagoak direnak, industria eta garraioa, esate baterako, gainera izugarri azkar handitzen ari dira. Merkeago da gaur egun kanpotik gauzak ekartzea bertan ekoiztea baino, eta horrek erabat menpeko bihurtzen gaitu.

Komunikabideetan zabaltzen den ideia da kanpora saltzea oso ona dela ekonomiarako, baina printzipio horiek ezbaian jarri beharko ditugu eta kontsumo lokalagoa sustatu.

Asko hitz egiten da norberak aldaketa klimatikoaren aurrean egin dezakeenaz, baina erantzukizunik handiena gehien dutenena izan behar da. Energia eta eskulan merkea erabilita milioi askoko etekinak ateratzen dituztenek egin behar dituzte erabateko aldaketak.

Jende askok ez daki argi zein larria den egoera. Komunikazio falta dago?
Bai, baina gauza positiboetan egin behar da azpimarra, horiek etorkizuna nondik joanen den ideia ematen dizutelako. Frantzian eta Erresuma Batuan, adibidez, legez sortu dituzte herritarren batzarrak klima aldaketaren ondorioen aurka aritzeko. Zozketa bidez aukeratu dituzte kide horiek, ordaindu diete eta aholkularitza eman diete zer neurri hartu behar diren erabaki ahal izateko. Eta neurri oso interesgarriak atera dituzte. Frantzian, esate baterako, gertu dauden hirien arteko hegaldiak debekatu dituzte. Orain elkarte hori batzar bezala eratu da, ahaldundu da, eta manifestazioak ari da antolatzen. Oso positiboa izan da, administrazioak eta herritarrak hurbildu direlako.

Erresuma Batuan onartu zuten, adibidez, informazioa zabaldu behar zela jendeak errealitatea ezagutu zezan gero mobilizatu ahal izateko. Honekin batera lur orotariko autoak hirietan debekatzea edo zergak igotzea bezalako erabakiak hartu zituzten. Honek erakusten du nola sistema barruan gauza asko egin daitezkeen kontsumoa gutxitzeko eta fiskalitate berde berri bat ezartzeko, administrazio publikoak berezko dituen eskumenak baliatuta.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!