Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak 1936tik 1966ra errepresio ekonomikoak Nafarroan eragindako pertsonen behin-behineko errolda aurkeztu du. Bertan, Foru Komunitatean bizi diren 1.012 gizon eta 74 emakumeren aurka Ondasunen Konfiskaziorako Probintzia Batzordeak eta Nafarroako Erantzukizun Politikoen Eskualde Auzitegiak hasitako espedienteen datu pertsonalak eta gertaera nagusiak jasotzen dituzte.
Txostenaren aurkezpenean kontseilariak adierazi zuenez, errolda honekin “Nafarroako Gobernuak beste urrats bat eman du memoriaren politika publikoen konpromisoan, erregimen frankistak zigorrik gabe gauzatutako giza eskubideen bortxaketa larrien biktimen egiarako eskubideari dagokionez”.
“Zerbitzurako kontsulta-tresna garrantzitsua izan nahi du, bai 36. urtean matxinatuen indarkeriaren inguruan ikertzen dutenen artean, bai, batez ere, jurisdikzio desberdinek bidalitako pertsonen familietan ere”.
Olloren arabera, “beste behin ere, gordin-gordinean erakusten du nola jardun zen frankismoa garaituekin, enbargo, zehapen eta izapide motelen bidez, eta zigor larriak ezarri zizkien jada beste errepresio mota batzuk jasan zituzten ehunka pertsonari”
Kontseilariak, gainera, Memoria Demokratikaoren Lege proiektua izan zuen hizpide: “aukera paregabea da Erantzukizun Politikoetako Auzitegien kondenak eta zigorrak baliogabetzat jotzeko, eta, horretarako, irtenbide ekonomikoak diseinatu behar dira, norberaren aitorpenaren eta konponketaren eremuan soilik geratuko ez direnak”, adierazi zuen.
Era berean, errepresio mota horretako moduren bat jasan dutela egiaztatzen duten agiriak gordetzen dituztenei dei egin die Nafarroako Memoriaren Institutuarekin harremanetan jar daitezen, inm@navarra.es helbidearen bidez.