Heptamerona euskarara ekartzeko proiektua abian da

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 22a, 11:39

Angulemako Margarita erreginak feminismo intelektuala egin zuen  ipuin sorta honekin XVI. mendean. Orain Booktegi plataforma eta Nafar Ateneoa elkarrekin ari dira lanean Heptameronaren 72 ipuinak zazpi liburukitan argitara emateko. Horretarako crowdfunding bat abiarazi dute. 

Aritz Branton Booktegi Plataformako zuzendaria eta Ines Castiella, Nafar Ateneoaren euskara ataleko arduraduna Metropoli Foralean izan ditugu egitasmo honetaz solasean.

 

HEPTAMERONA

  • Margarita Nafarroakoak 1559an idatzi zuen Heptamerona. Frantsesez idatzi zuen, eta gaur arte ez da inoiz euskarara itzuli.

  • Liburua klasiko bat da, Nafarroakoa, eta gizarte osoarentzat berreskuratu nahi dugu, baita nahi duten irakurle guztien eskuetara helarazi ere.

  • Guztira 72 ipuin edo istoriok osatzen dute liburua, eta zortzi ‘egunetan’ antolatuta daude.

  • Liburuan itxialdi batean kontaturiko narrazioak biltzen dira, eta 2020ko itxialdian sortu zen euskarara ekartzeko egitasmoa.

  • Hainbat ipuinen ikuspuntu aurrerakoiak ere –besteak beste, genero-ikuspegitik– gaur egungo irakurleentzako erakargarri bihurtzen du Nafarroako erreginaren liburua.

  • Egileak eta liburuak Nafarroarako duten garrantzia ageriko da: Nafarroako Gobernuak erreginaren biografia bat argitaratu zuen 2011n, Margarita de Angulema. Una princesa del Renacimiento, eta umeendako bertsioa era apailatu zuen (gaztelaniaz eta euskaraz): Margarita Angulemakoa, Nafarroako erreginaren bizitza

  • Gure proiektua liburu osoa itzultzea da, urtero egun bateko ipuinak euskarara ekarriz. Lehenengo eguna dagoeneko itzuli dugu, baita azala prestatu ere.

  • Urtero itzulitako eguna jendaurrean irakurriko da, eta saiatuko gar aahalik eta lagun eta erakunde gehienek parte har dezaten irakurrialdian. Iruñean gauzatu nahi dugu lehen irakurketa-saioa.

  • Liburua formatu digitalean argitaratuko da Booktegin.eus-en. Ez dugu baztertzen paperezko formatuan ere plazaratzea. Ahal dela, horixe ere nahi genuke.

  • Egitasmoa finantziatzeko –itzulpen-lana, batez ere–, erakundeen laguntza bilatuko dugu. Crowdfunding bat antolatzea beste aukera bat izan liteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!