Karrikirik, Elkar fundazioak eta euskara teknikarien sareak antolatu zituzten iaz Hari izpia hartzen jardunaldiak lehen aldiz, eta jorratu beharreko hainbat erronka ezarri zituzten; besteak beste, euskal kulturaren transmisioaren etena, hezkuntza aratuaren baliabide falta, digitalizazioaren eta globalizazioaren eragina eta diru laguntzekiko menpekotasuna.
Hain zuzen ere, lan ildo horietan sakontzea izango da aurtengo jardunaldien helburua. Gaurkoan, zehaki, ikusgarritasuna eta prestigioa izan dituzte, esan duzun bezala.
Izan ere, gaur egun, edozeinek eskura du mundu mailako kultura eta hizkuntza handietatik datorren eskaintza; horren ondoan, euskararen tamainako kultur eskaintzarentzat lekua egitea ez da samurra. Horregatik, antolatzaileek argi dute euskarak "kalitatezkoa eta erakargarria" izan behar duela, "ikusgaitasuna eta prestigioa" lortu.
Premisa horri helduta, zenbait adituk beren analisiak partekatuko dituzte parte hartzaileekin. Oskia Ugarte Uharteko Arte Garaikideko Zentroko (Nafarroa) zuzendaritzako kideak Sormena, kultura prestigiatzeko bidea izeneko hitzaldia emango du; Iratxe Retolaza EHUko irakasleak, Euskal kulturak hezkuntza arautua zeharka dezan izenekoa; eta Eli Pagola eta Oihana Iguaran Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko kideek, berriz, Bertsolaritza berritzea, publiko berrietara iristeko bidea izenekoa. Gainera, Jon Abril Elhuyarreko zuzendariak gai nagusiaren inguruko gogoeta bat gidatuko du.
Uztailean, Leitzan
Hurrengo jardunaldiak uztailean izango dira, Leitzan, eta lurraldearen eta kulturaren arteko harremana landuko dute. Izena emateko aukera zabalik dago, hariizpiahartzen.eus webgunean.