Eultza hirigintza planari argi berdea eman dio Barañaingo Udalak

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 27a, 13:06

Navarra Sumaren eta PSNren aldeko botoekin eta Geroa Bairen abstentzioarekin onartu dute. Idazkaritzaren aurkako txostena eta EH Bilduren kritikak izan arren, garaje plazak murriztu dituzte azken unean. Planak 920 etxebizitza sortzea barne hartzen du, eta 3.000 eta 5.000 bizilagun berri iristea aurreikusten dute.

Barañaingo Udaleko osoko bilkurak Eultza Plana onartu du, behin betiko. EH Bilduren eta Ahal Duguren aurkako botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta Navarra Sumaren eta PSNren babesarekin. Hirigintza proiektuari obraren sustatzaileek eskatutako azken orduko aldaketa bat gehitu diote: aurreikusita zeuden garaje-plazak gutxiago izanen dria. 

Idazkaritzak aldaketa horren aurkako txostena egin du: 300.000 euro baino gehiagoko murrizketa ekarriko du udal-kutxentzat eta ibilgailu gehiago ibiliko dira kaleetatik aparkaleku bila. Hori dela eta, oposizioaren kritika jasan du azken aldaketak. 

2020ko udan hasi ziren Eultza Planaren lanak, hainbat urtez geldirik egon ostean. 3.000 auzotar berri bilduko dituen plana da. Baina hainbat aldaketa izan ditu abiatu zenetik. Proiektuaren hasierako fasea 1999an hasi zen; orduan, UPNko Juan Felipe Calderon buru zuen Barañaingo Udalak "Rio Center" merkataritza-gunea eraiki nahi izan zuen, baina ez zuen Nafarroako Gobernuaren oniritzia lortu. Proiektua ahaztuta geratu zen, harik eta lursailen jabe ziren enpresek 2006an ekimen bat aurkeztu zuten arte. 2008an behin betiko onartu zuen udalak, lursailak urbanizagarritzat joz. Proiektu horrek 920 etxebizitza aurreikusi zituen, eta Etxabakoitzen proiektatutako Abiadura Handiko Trenaren geltokiaren planari lotuta zegoen.

Proiektua 2011ko azaroan onartu zuten behin betiko UPNk eta PSNk. 2012. urtearen hasieran Iruñalde kooperatibak alegazioak aurkeztu zizkion proiektuari eta krisiaren eraginez eten egin zen berriro. Jabe aldaketak tarteko, 2019an, partzelaren jabe nagusiak, Francisco José Portillok, lurren Konpentsazio Batzordearen eta JULFARCHI SLren (jabe berria) ordezkari gisa jardunez, hirigintza-plan berri bat aurkeztu zuen, eta 2.011koa eguneratu zuen, akatsak zuzenduta. Proiektu berria aurreko legegintzaldiaren amaieran onartu zen, 2019ko maiatzean, arkitektoaren eta idazkariaren oniritziarekin.

Iazko uztailean Eultza Proiektuaren Aurkako plataforma osatu zuten hainbat bizilagunek eta  "pelotazotzat" jo dute plana. Salatu dutenez, 920 etxebizitza eraikitzea 3.000 bizilagun gehiago hartzea eragingo du, Barañaingo egungo biztanleriaren %10 baino gehiago, eta Etxabakoitzeko iparraldeko eraikuntza berriekin bat egitea. Udalak ekimena babesteko erabakia "isilean" hartu duela kritikatu dute, "ia ezkutuan, herritarrei informaziorik eman gabe, aldez aurretik inolako kontsultarik egin gabe, ezta kaltetutako sektoreko bizilagunekin ere, eta Navarra Suma talde politikoaren inposizio bakar eta esklusiboagatik".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!