Arga ibaian zubia eraikitzearen alde agertu dira barañaindarrak

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 10a, 14:00
Argazkia: Plazaberri.info

Barañainen erroldatutakoen %3,5k eman du iritzia, hiriko udalak antolatutako galdeketan. Arga ibaia zeharkatuz hiria Landabekin lortuko luke azpiegitura berriak. Eultza hirigintza planaren ondorioetako bat da.

Maiatzaren 4tik hiru egun izan dituzte barañaindarrek Eultzako obrek aurreikusten duten Arga ibaiaren gaineko zubiaren inguruan iritzia emateko. Zinegotzi berberak izan dira hiru egun hauetan zehar boto-mahaietako buru, udaletxeko erabilera anitzeko gelan. 17.308 pertsonako erroldaren %3,5ek eman du botoa. Emandako 609 botoetatik 514 Arga ibaiaren gainean zubia eraikitzearen aldekoak izan dira, 85 kontrakoak, 5 baliogabeak eta 5 zuriak. Alde handia dago bigantxak askatzeari buruz 2016an egindako inkestan jasotako ia 2.000 botoekin.

Inkesta ez da loteslea, eta Arga ibaiaren gaineko zubia eraikitzea du helburu, Udalak proposatutako aukera bakarra izan da Eultza Planak sortu ditzazkeen arazoen aurrean.

2020ko udan hasi ziren Eultza Planaren lanak, hainbat urtez geldirik egon ostean. 3.000 auzotar berri bilduko dituen plana da. Baina hainbat aldaketa izan ditu abiatu zenetik. Proiektuaren hasierako fasea 1999an hasi zen; orduan, UPNko Juan Felipe Calderon buru zuen Barañaingo Udalak "Rio Center" merkataritza-gunea eraiki nahi izan zuen, baina ez zuen Nafarroako Gobernuaren oniritzia lortu. Proiektua ahaztuta geratu zen, harik eta lursailen jabe ziren enpresek 2006an ekimen bat aurkeztu zuten arte. 2008an behin betiko onartu zuen udalak, lursailak urbanizagarritzat joz. Proiektu horrek 920 etxebizitza aurreikusi zituen, eta Etxabakoitzen proiektatutako Abiadura Handiko Trenaren geltokiaren planari lotuta zegoen.

Proiektua 2011ko azaroan onartu zuten behin betiko UPNk eta PSNk. 2012. urtearen hasieran Iruñalde kooperatibak alegazioak aurkeztu zizkion proiektuari eta krisiaren eraginez eten egin zen berriro. Jabe aldaketak tarteko, 2019an, partzelaren jabe nagusiak, Francisco José Portillok, lurren Konpentsazio Batzordearen eta JULFARCHI SLren (jabe berria) ordezkari gisa jardunez, hirigintza-plan berri bat aurkeztu zuen, eta 2.011koa eguneratu zuen, akatsak zuzenduta. Proiektu berria aurreko legegintzaldiaren amaieran onartu zen, 2019ko maiatzean, arkitektoaren eta idazkariaren oniritziarekin.

Barañaingo hainbat bizilagunek "pelotazotzat" jo dute plana. Salatu dutenez, 920 etxebizitza eraikitzea 3.000 bizilagun gehiago da, Barañaingo egungo biztanleriaren % 10 baino gehiago, eta Etxabakoitzeko iparraldeko eraikuntza berriekin bat egitea.

Berria Plazaberri.info-k landu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!