Behin behinean aske utzi ditu epaileak hamar gazteak, kautelazko neurririk gabe

Euskalerria Irratia 2021ko api. 29a, 12:26
Argazkia: @ganugan

Rebeca Esther Alonso epailearen aurrean deklaratu dute gaur Iruñerrian atxilotutako hamar gazteek. Desordena publikoak, atentatua eta talde kriminaleko kide izatea egotzi diete, besteak beste. Abokatu baten arabera, ETAren zatiketa bat osatzea leporatzen die Espainiako Poliziak.

 

Udaltzaingoaren bulegoetatik telematikoki erantzun dituzte gaur epailearen galderak Iruñeko Arrotxapea auzoan eta Burlatan atxilotutako hamar gazteak. Eguerdian zabaldu denez, ETAren zatiketa baten ondorengo taldea osatzea egozten zaie gazteei. Baina epailearen autoak ez du halakorik jasotzen, hitzez hitz. Lauri desordena publikoa, atentatua, kalteak, lesioak eta talde kriminaleko kide izatea egotzi diete; beste hiruri desordena publikoa, atentatua, kalteak eta lesioak, eta gainerako hirurei lesio-delituak.

5 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epaileak ez du kautelazko neurririk hartu eta aske utzi ditu behin behinean. 14:30ean askatu dituzte, banan banan. Txaloka hartu dituzte senide eta lagunek. Espainiako Poliziak asteartean atxilotu zituen, eta bi egun eman dituzte atxilotuta. Beste bi gazte deklaratzera deitu zituzten atzo, beraz, hamabi dira auzian inplikatutakoak.

Poliziak egindako txosten batean oinarritu dute polizia operazioa. Abokatuetako batek senideei jakinarazi dienez, eta Berria egunkariak jaso duenez, txosten horretan jaso dute ETAren zatiketa baten ondorengo taldea osatu dutela gazteek. Zazpi liburuki ditu txostenak eta, abokatuek ikusi ahal izan dutenez, gazteen arteko telefono deien transkripzioak, txartelak, bertso saioen eta kultur ekimenen inguruko informazioa jasotzen dute. Abokatuek denbora gutxi izan dute txostena gainbegiratzeko. Sei abokatu ari dira gazteen defentsa lanetan, horietako bat ofiziozkoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!