Udalak 40.000 euro bideratu ditu Labriteko pasabideari buruzko laugarren txosten bat egiteko

Euskalerria Irratia 2021ko api. 26a, 18:25

Labriteko pasabidearen egitura indartzeko eta egokitzeko proiektuaren idazketa lizitatu du Iruñeko Udalak. PSNk erabakiaren aurka egin du.

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Labriteko pasabidea egokitzeko eta egitura indartzeko proiektua idazteko kontratuaren lizitazioa onartu du astelehen honetan. Kontratuak 36.874,75 euro eta 30 eguneko exekuzio epea ditu; beraz, baliteke proiektua uda erdialderako idatzita egotea. Labriteko pasabidea berriro martxan jartzeko beharrezko jarduera dela uste du udalak. Egiturari buruzko laugarren txostena izanen da. Aurreko hiru proiektuek pasabidean akats larriak egin zirela berretsi dute. Azkenak konpontzeko aukera ematen zuen.

Ingeniarien Elkargoaren ondorio horietan oinarritu da udala laugarren txostena eskatzeko. Proiektuak zimenduak eta gainerako egiturak indartu behar dituzten egiturazko elementuak planteatu eta dimentsionatu behar ditu, Bide Ingeniarien Elkargoaren txostenean hautemandako akatsei erantzunez. Azaldu duenez, Jito Alai eta Media Luna estribuen mugimendu horizontala eragotzi behar da, lurrean mikrokementua injektatuz edo zimenduak finkatzeko beste teknika batzuen bidez lor daitekeena.

Navarra Suma Alkatetzara sartu zenetik ia bi urte igaro direnean, pasabideak itxita jarraitzen du, eta konponketarekin hasteko martxan zegoen prozedura bertan behera utzi du Nafarroako Auzitegiak. 

PSNk, prentsa ohar baten bidez, "pasabidearen etorkizunari buruzko erabakirik ez hartzeko" eskatu dio udalari, "Hirigintza Batzordean aldez aurretik ezagutu eta eztabaidatu gabe". Sozialistek adierazi dutenez, Tokiko Gobernu Batzarrak emandako pausoa "udal gehiengoaren akordioaren aurka doa, hau da, PSNren ekimenez Hirigintza Batzordean hartutako erabakiaren aurka, bertan ez baitzen erabakirik ez akordiorik hartu aurretik aipatutako adostasuna lortu gabe".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!