Etxeko eta auzoko konpost onena sarituko du Iruñerriko Mankomunitateak

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 23a, 12:53
Aurkezpena Iruñeko Mendebaldea auzoan egin da, auzoko konpostajerako gunean.

Iruñerrian konposta egiten duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, eta izena emateko epea apirilaren 13an amaituko da.

Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, David Campiónek, etxeko eta auzoko konpost onenarendako bigarren lehiaketa aurkeztu du, Iruñerrian konposta egiten duten pertsona guztientzat. Hain zuzen, lehiaketaren bigarren edizio hau lehenbizikotik hamaika urtera egingo da, aurreneko hori 2010ean antolatu baitzen.

Mankomunitateak etxeko konpostajerako sustatzen dituen kanpainetan parte hartzen dutenek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, eta bai konposta beren kasa egiten dutenek ere. Eta auzoko konpostajerako guneek ere izena eman ahal izango dute, gune bakoitzeko boluntarioen bidez.

Jasotako izen-emate guztien hautaketa bat egingo da, lehiaketara igaroko direnena. Gehienez, 100 parte-hartzaile izango dira: 80 etxeko konpostajean eta 20 auzokoan. Ondoren, talde tekniko espezializatu batek konpost-ontzietako laginak bilduko ditu maiatzean, eta lagin horiei balorazio-prozesu desberdinak egingo zaizkie, azken hautaketa finalista bat zehaztu arte. Hartara, gero, hautaketa finalista hori ebaluatuko du epaimahaiak.

Mankomunitateko lehendakari David Campiónek konpostatze-sistemaren ezaugarriak nabarmendu nahi izan ditu eta bai etxean edo auzoko guneetan komunitate osorako eredugarria den lan iraunkor bat egiten duten pertsona guztien konpromisoa ere: “Haien lanari esker, hondakinak baliabide bihurtzen dituzte, baratzerako edo lorategirako erabil daitezkeenak. Hartara, iraunkortasunaren eta ekonomia zirkularraren adibide ezin hobea dira”, adierazi du Campiónek.

Ekitaldian, era berean, Beatriz Yaben Iruñerriko Zerbitzuak, SA sozietateko ingurumen-teknikariak eta Enrique Herranz Mendebaldeko guneko boluntarioak esku hartu dute. Herranz gune horretan konpostatze-esperientzia koordinatu eta segimendua egiteko lanez arduratzen da, boluntarioki. 

Bi kategoria

Etxeko konpost onenaren saria diru-kopuru bat izango da, baratzerako eta/edo lorategirako produktuekin edo Nafarroako Landetxeen Sareko establezimendu batean nekazaritza-turismoko egonaldi batekin trukatu beharrekoa. Hartara, lehen saria 600 euro izango da, bigarrena 300 eta hirugarrena 150.

Auzoko konpost onenaren saria, berriz, guneari aitortza publikoa egitea eta konposta egiteko gune horretan parte hartzen duten pertsona guztientzako birziklapen-materiala ematea izango da.

Kide hauek osatuko dute epaimahaia: ingurumen-arloko aditu bat, Nafarroako Gobernukoa; Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, David Campión; SCPSAko Administrazio Kontseiluko kide bat; SCPSAko bi ingurumen-teknikari; eta Etxeko eta Auzoko Konpostajearen aldeko Toki Erakundeen Estatuko Sarearen ordezkari bat. 

Lehiaketan izena emateko epea zabalik dago eta apirilaren 13an bukatuko da. Izen-ematea formalizatzeko, oinarriekin batera dagoen fitxa bete eta SCPSAren bulegoetara eraman behar da (Chinchilla Jeneralaren kalea, 7, Iruña), 08:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera. Edo posta elektronikoaren bidez ere bidali ahal izango da, mcp@mcp.es helbidera, gaian “Konpost onenarendako bigarren lehiaketa” jarrita. 

Oinarriak Iruñerriko Mankomunitatearen webgunean daude eta bai Iruñerriko Mankomunitateak herritarrei arreta emateko daukan bulegoan ere. Horrez gain, Mankomunitatearen webguneko “Jarduerak” atalean ere eskuratu ahal dira: www.mcp.es

2020an, 3.043 tona hondakin organiko kudeatu ziren

2020an, nahiz eta urte bitxi eta berezia izan zen, 111 familiak eman zuten izena etxeko konpostajerako programan, eta, beraz, horrek ekarri zuen 3.421 etxebizitza aritzea parte hartzen programa horretan. Denen artean, 2.483 tona hondakin organiko kudeatu zituzten (sukaldeko hondakinak eta baratzeetako eta/edo lorategietako hondakin berdeak).
 
Auzoko konpostajearen kasuan, 700 etxebizitzak parte hartu zuten konpostajerako 43 gunetan, eta, guztira, 229 tona hondakin kudeatu zituzten. Azkenik, aipatu behar da 795 familiak hondakin organikoen autogestioa egitea aukeratu zutela, beren baliabideen bidez, eta, guztira, 331 tona hondakin kudeatu zituztela. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!