Paperaren eta kartoiaren bilketa bikaintasunez egiteagatik bosgarren aldiz saritu dute Iruñerriko Mankomunitatea

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 17a, 13:38

Iruñerriko Mankomunitateko David Campión lehendakaria, saria heltzen.

2019an Iruñerrian berreskuratutako paperaren eta kartoiaren batezbestekoa 47,9 kilogramokoa izan da biztanleko eta urteko.

Iruñerriko Mankomunitateak bosgarren urtez jarraian jaso du ASPAPEL elkarteak (Ore, Paper eta Kartoi Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea) paperaren eta kartoiaren gaikako bilketaren kudeaketan beren bikaintasunarengatik nabarmendu diren toki-erakundeei ematen dien sari nagusia.

Oraingo honetan, zehazki, 2019an egindako lana aitortu da. Saria emateko saioa atzo, asteartea, egin zen, ekitaldi birtual batean eta saioaren hasieran ASPAPEL elkarteko lehendakariak, Elisabet Alierrek, esku hartu zuen, eta amaieran, Ingurumeneko estatu-idazkariak, Hugo Moránek.

Beren bikaintasunarengatik urtero saritzen diren toki-erakundeek paperezko txori urdin bat, bi edo hiru lortzen dituzte, baremo objektibo baten arabera eta ebaluazioan lortutako emaitzetatik abiatuta. Oraingoan, hamahiru autonomia-erkidegotako 37 toki-erakundek (udalak eta udalerrien elkarteak) lortu dute aitortza: 28 toki-erakundek paperezko hiru txori jaso dituzte, bostek bi eta lauk paperezko txori bat. Aitortza jasotako erakunde guztietara bidali ditu sariak ASPAPELek, eta Iruñerriko Mankomunitateari dagokiona David Campión lehendakariak jaso zuen, erakundearen egoitzan.

ASPAPEL elkarteak gogorarazi duenez, ‘Paperezko txori urdinak’ programa zorrotza da, birziklapen-helburuak lortzen eta ekonomia zirkularraren bidean aurrera egiten laguntzen duena. Sarietarako egindako ebaluazioa hogeita bat adierazletan oinarritzen da, ezarrita dauden baremoen arabera baloratzen direnak eta alderdi hauei dagokien guztia aztertzen dutenak: edukiontzi urdineko bilketa eta bilketa osagarriak, herritarrei informazioa emateko eta haiek sentsibilizatzeko kanpainak eta ekintzak, kudeaketaren arautzeari eta plangintzari dagozkien alderdiak, eta emaitzak eta trazabilitatea azken birziklapeneraino.

Biztanleko eta urteko 47,9kg berreskuratu dira

Mankomunitateak egiten duen paper- eta kartoi-bilketarako 4.107 edukiontzi daude Iruñerrian banatuta, eta 37 buzoi bilketa pneumatikorako, Iruñeko Alde Zaharrean. Sistema hori osatzeko, atez ateko bilketa egiten da: Alde Zaharreko saltoki guztien eskura dago eta astelehenetik larunbatera egiten da. ASPAPELek emandako datuen arabera, 2019an, Iruñerrian berreskuratutako paperaren eta kartoiaren batezbestekoa 47,9 kilogramokoa izan zen biztanleko eta urteko, eta kopuru hori Nafarroan erregistratutako batezbestekoa (33,4 kg) eta nazioko batezbestekoa (20,6 kg) baino handiagoa da.

Nabarmendu behar da Mankomunitateak egin duen azken gogobetetasun-azterlanean, 2019an egindakoan, etxebizitzen %91k adierazi zutela paper- eta kartoi-bilketa ona edo oso ona dela. Negozioen eta enpresen kasuan, balorazio on hori kontsulta egindako erakundeen %83k eman zuten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!