Komiki eta ilustrazio soziala erakusgai, Antsoainen

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 11a, 08:23

Komiki boom jardunaldien bigarren edizioa urtarrilaren 25etik otsailaren 7ra egingo da

Komikiak eta ilustrazio sozialak bat eginen dute aurten ere Antsoainen. Urtarrilaren 25etik otsailaren 7ra, Komiki Boom jardunaldia eginen dute herrian eta erakusketak, komikien aurkezpenak, fanzine tailerra, fanzinoteka baten dohaintza, mural bat eta zine proiekzioa izango dira ikusgai. 

Aurtengo programazioari dagokionez, bi erakusketa antolatu dira. Batetik, Mikel Santos Belatz ilustratzaile nafarraren Gerezi garaia izango da, Txalapartaren zigilupean, Lucio Urtubia Jimenez nafar militante anarkista historikoaren irudiaren inguruan 2018an aurkeztu zuen eleberri grafikoaren binetak ekarriko ditu Txoko Gorrira. Urtarrilaren 26ean emanen ditu Belatzek erakusketaren inguruko azalpenak. 

Bigarren erakusketa Antsoaingo liburutegiak hartuko du: Guerreras. 20 pertsonatik gorako talde batek autoeditatutako liburu ilustratu bat da, antzinatean giltzarri izan ziren emakumeen bizitza berreskuratu nahi duena eta mendeetan zehar isilpean utzitako ondarea duena. Obraren egileetako batzuek topaketa bat eskainiko dute liburutegian otsailaren 4an, eta bertan Aspasia Mileto, Carmenta, Hatshepsut, Makeda, Teano Krotona, Teuta de Iliria eta Enheuannaren bizitzak berreraikitzera eraman zituen ikerketari buruzko iritziak partekatuko dituzte.

Aurkezpenak ere egingo dituzte Txoko Gorrin, eta urtarrilaren 28an Elias Taño ilustratzaile kanariarraren Dios, Patria, Fueros y Altsasu obraren txanda izango da. Txalapartak argitaratua, Altsasuko gazteei emandako epaiari buruzko komiki bat da. Juanarete gidoilariak eta David Tapia marrazkilariak Frontera de Ordesa lana aurkeztuko dute urtarrilaren 29an. Yurre Ugarte gidoilariak eta Joseba Larratxe marrazkilariak ere lan berria aurkeztuko dute Antsoainen: Joana Maiz (Harriet Ediciones) aurkezpenen atalari amaiera emateko. Eleberri grafiko honek ahalduntzen den emakume baten eguneroko istorioa kontatzen du dokumental baten bidez.

12 urtetik gorako neska-mutilei zuzenduta, harrobik fanzineen tailerra hartuko du, Haz tu fanzine feminista izenburupean eta Irati Fernandezek eta Nerea Aguadok emanda.  Gainera, otsailaren 5ean 400 dokumentu baino gehiago emango dituzte Txoko gorrin, besteak beste, fanzineak, pegatinak, kartelak, autoedizioaren munduko objektuak eta Iruñera egindako bisita dela eta, Elias Taño ilustratzaile eta muralgileak mural bat egingo du Txoko Gorrin. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!