Durangoko azoka, Atarrabiako Totem aretoan

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 20a, 13:42

Durangoko Azoka Euskal Herrira zabalduko da, "Zu non, han DA!" egitasmo berriaren bidez. Bi kontzertu eskainiko dituzte Totem aretoan, abenduaren 5ean eta 6an. Liher,  Sorkari, Kaleko Urdangak eta Perlata taldeak ikusteko aukera izanen da.

Osasun-alarmak ezarritako aforo eta mugikortasun murrizketak kontuan hartuta, Durangoko Azokak erabaki du “Zu non, han DA!” proiektu berri hau antolatzea, online denda eta Durangon bertan egongo diren jarduerez gain. Ekimen honen helburua Azoka kulturzaleengana gerturatzea izango da, aurten kulturzale guztiek ezin izango dutelako Durangora urteroko bisita egin.

Egitasmo berri honek ardatz nagusi bi izango ditu: Plaza eta Denda. Lehenengoa, musika eta zuzenekoekin lotuta egongo da. Durangoko Azokak kontzertuak antolatuko ditu Euskal Herriko zortzi herritan: Amurrio (Burubio), Gasteiz (Jimmy Jazz), Bermeo (Kafe Antzokia), Bilbo (Euskalduna), Ondarroa (Beikozini), Azpeitia (Sanagustin eta Soreasu), Donostia (Doka eta Dabadaba) eta Atarrabia (Totem). Ipar Euskal Herrian ez da aukerarik egon zuzenekorik antolatzeko, osasun-egoerak ezarritako arauen eraginez. 

Kontzertuak abenduaren 5etik 8ra antolatuko dira, eta herri bakoitzean bi eguneko egitaraua egongo da. Guztira 32 taldek parte hartuko dute: batzuk ibilbide luzeko bandak izango dira, eta beste batzuk, ostera, lehenengo diskoa atera dutenak. Estilo aldetik ere, aniztasun handia egongo da banden artean. Atarriabian, Liher eta  Sorkari ariko dira abenduaren 5ean. Hurrengo egunean, berriz, Kaleko Urdangak eta Perlata taldeak ikusteko aukera izanen da.

Kontzertuetako sarrerak bihartik aurrera, azaroak 21, eskuratu ahal izango dira webgune honetan, 11:00etatik aurrera. Sarreren prezioa 8 eta 15 euro artekoa izango da, eta unean-uneko osasun-arauak errespetatzea beharrezkoa izango da.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!