Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, “Sarean Euskaraz” proiektuaren laugarren edizioa bultzatu du, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) arloan euskararen erabilera sustatzeko eta ezagutzera emateko zein euskarazko kultura digitala sustatzeko.
Aurten, ekimenak beste formatu bat izango du, eta hamar ikastetxetan eta 23 udalerritan zabalduko da, doako ikastaroekin, COVID-19ak eragindako egoerara egokitzearren. Horrela azadu dute gaur prentsaurrekoan Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Euskarabidea-Euskararen Nafarroako Institutuko zuzendari kudeatzailea den Mikel Arregik.
Aurkezpenean kontseilariak azpimarratu duenez, "gazteak eta euskara, teknologia berriekin batera, Sarean Euskaraz programari bizitza eman dioten ardatz nagusiak dira 2016tik. Nafarroako gazteria gero eta euskaldunagoa eta eleanitzagoa den eszenatoki batean bizi gara, eta, beraz, euren hizkuntzak mundu digitalean ere lekua duela ikusteko espazioak eskaini behar dizkiegu ". Amaitzeko, Euskarabidearen eta hiri eta herrien ahalegina eskertu nahi izan du kontseilariak "Sarean Euskaraz Nafarroa osora zabaltzea posible egin dutelako".
Bestalde, Mikel Arregi Euskarabidearen zuzendariak aurtengo edizioan parte hartzaileen kopuruak gora egin duela azpimarratu du. "Sarean Euskaraz programan parte hartu nahi duten ikastetxeen eta ikasleen kopurua nabarmen igo da, eta horrek programaren hurrengo edizioan lan egitera animatzen gaitu".
“Sarean Euskaraz” ekimenari esker, 4. DBHko eta 1. Batxilergoko 925 ikaslek ikastetxeetan antolatu diren zortzi tailer praktikotan parte hartuko dute: Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala); bideomappinga: errealitatea areagotu proiekzioak objektuen geometriara doituz (Elurmaluta); App Inventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios); Errealitate birtualera hurbilpena (Protomakers); wikipedia: entziklopediaauzolanean eta euskaraz nola elikatu (Euskal Wikilarien Elkartea); Arduino: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers); 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers); eta Raspberry Pi: plaka ordenagailu txiki eta merkeak (Protomakers).
Era berean, bi saio eskainiko dira Moodle online ikaskuntza libreko plataformaren bitartez. Helburua da IKTak modu egokian erabiltzen irakastea; horretarako, zenbait jarraibide emango dira. Prestakuntza osatzeko, 4-5 minutuko hainbat bideo-pilula eta horiekin loturiko ariketak eskainiko dira. Saio batean, Maide likonak (Gipuzkoako software librea) “Pribatutasuna sarean” gaia jorratuko du, eta beste saio batean, Ane Ortizek (Emaize Sexologia Zentroa) “3.0 harremanak: emadazu like bat” gaia.
Ikastetxeek eskainitako tailerretako bat edo bi hautatu dituzte ikasle-kopuruaren arabera, eta ikasle bakoitzak horietako bakarra egiteko aukera izango du. Tailerrak sektorean esperientzia duten profesionalek eta elkarteen ordezkariek gidatuko dituzte.
Jardunaldietan zehar, Hezkuntza Departamentuak 2020/21 ikasturterako Kontingentzia Planean ezarritako higiene- eta segurtasun-neurriak ez ezik, ikastetxe bakoitzean ezarritako baldintzak ere beteko dira, aipatu protokoloari jarraiki.
Doako ikastaroen zikloa 23 herritan
Iazko bideari jarraipena emanaz eta ikastetxeetako jardunaldien osagarri moduan, Nafarroako Gobernuak euskarazko doako ikastaroen zikloa ere antolatu du IKTen inguruan, eta hori urriaren 13tik azaroaren 15era bitarte garatuko da. Zikloa Nafarroako 23 herritara iritsiko da, eta zazpi tailer-mota eskainiko dira. Guztira 25 ikastaro egongo dira, 3 Iruñean eta 22 beste udalerrietan.
IKTen erabiltzaile aktiboenak izanik, programa bereziki 12 urtetik gorako gazteentzat pentsatu da, baina gai horretan interesa duen edonork parte har dezake.
Interesatuek web orrialde honetan eman dezakete izena: www.sareaneuskaraz.eus. COVID-19ak eragindako larrialdiko osasun-egoera dela-eta, aretoen %50a erabili ahal izango da; ondorioz, herri bakoitzean parte har dezaketen ikasleen kopurua ezberdina izango da, baina gehienez ere 20 lagunekoa.
Proiektua Euskarabideak garatu duenez euskararen udal-zerbitzuekin lankidetzan, matrikulazioa doakoa da, eta udalerrietako gazteen zentroak, kultur etxeak eta liburutegiak erabiliko dira. Guztira, 400 bat pertsonak hartu ahal izango dute parte euskarazko IKTen inguruko tailerren zikloan.
Sarean Euskaraz proiektua
Gazteria, euskara eta teknologia berriak dira “Sarean Euskaraz” proiektuaren ardatzak. Gazteek, etorkizuna izanik, ahalik eta prestakuntza handiena jaso behar dute teknologia berrietan, euskarak “etorkizun bizia” izan dezan. Pandemiak digitalizazioaren garrantzia areagotu du oso denbora gutxian, eta, era horretan, gazteen prestakuntza teknologikoa eta IKTetan euskararen erabilera sustatzeko beharra are handiagoa da.
“Sarean Euskaraz” erreferentzia-programa bihurtzen ari da lau urteko etengabeko lanarekin, urtez urte berrituaz eta betiere jarduteko bide berriak irekiaz.
Foru Exekutiboaren asmoa da programa Nafarroako hiri eta herri ezberdinetara eramatea, herritar guztiei aukera-berdintasunean zerbitzua eskaintzeko eta landa-guneetan ere IKTen arloko prestakuntza emateko, digitalizazioa estrategikoa baita landa-garapenerako eta despopulatzeko arriskua saihesteko prebentziorik onena ere bai.
Euskararen 2017ko Nazioarteko Eguna dela-eta, abenduaren 1ean, Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez, Euskara Sarera jardunaldia antolatu zuen Baluarte Jauregian. 2018an esperientzia errepikatu zen, eta bi egunetan (azaroak 6 eta 7) parte-hartzaileen kopurua bikoiztu egin zen.
2019an, berriz, programaren hirugarren edizioan, Baluarteko jardunaldia osatu zen doako 20 ikastaroko zikloarekin, eta guztira 17 udalerritara iritsi zen. Aurten, laugarren edizioan, programak formatu deszentralizatua izango du, eta ikastetxeetara iritsiko da.