Espainiako Auzitegi Nazionalak urratsak egin ditu, Ruizen egoerarekin lotuta

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 21a, 10:27
Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko elkarretaratze bat.

Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak presoaren osasunari eta espetxean duen egoerari buruzko txosten bat eskatu dio kartzelari. Ruizek esan du seruma jasotzea onartuko duela, baldin eta ANk auto batean hori ezartzen badu, eta haren ospitaleratzea kontrolatzen badu.

Espainiako Auzitegi Nazionalak mugimenduak egin ditu Patxi Ruiz Txantreako presoaren egoeraren aurrean. Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak txosten  bat eskatu dio Murtzia-IIko presondegiari, protestagatik duen osasun egoerari buruz, eta baita espetxean duen egoerari buruz ere, eta esku hartze horrek urrats berriak ekar ditzake, Ainhoa Mejias haren abokatuetako batek Argia astekariari atzo azaldu zionez. Ruizek hamar egun beteko ditu gaur gose eta egarri greban.

Hurrengo urratsa euskal presoa espetxeko ospitalera eramatea eta seruma ematea aginduko duen auto judiziala izatea espero du abokatuak. Azaldu duenez, Ruizek esan du onartu egingo lukeela, Auzitegi Nazionalak auto batean agintzen badu, ospitaleratzera eta seruma jartzera behartuz. Presoaren egoera larria da. Ainhoa Mejiasek esandakoaren arabera, oso ahul dago, pisu handia galdu du, ia ez du indarrik; baina buru aldetik, "gogor" dago.

Elkartasuna eta desadostasunak

Testuinguru horretan, asko izan dira presoaren egoera salatu eta hari elkartasuna adierazi diotenak. Esaterako, hainbat presok janari erretilua baztertzen jarraitzen dute Sevilla-II, Kordoba eta Castello-I espetxeetan, eta aurrera jarraitzen dute baraualdiek eta txandakako gose grebek.

Bestalde, Bake Bideak eta Bakegileek kezka adierazi dute agiri amankomun baten bidez, eta haren kontrako eskubide urraketak amaitzeko eskatu dute.

EH Bilduk, bestetik, jakinarazi du gestioak egingo dituela Ruiz Murtziako espetxean bisitatu ahal izateko, haren egoera bertatik bertara ezagutzeko, haren eskaerak entzuteko, haren egoeraz duen kezka helarazteko eta konponbide baterako eman daitezkeen aurrerapausoak jakinarazteko. Koalizioaren ustez, euskal presoek jasaten duten salbuespen egoera dago arazoaren jatorrian. Sortuk  ere salbuespenezko espetxe politikari eta sakabanaketari egotzi die Ruizen egoera.

Jarrera horien berri izan ostean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi du Ruizek argi utzi duela EH Bilduren eta Sorturen jarrerek ez dutela haren onespenik, eta gaineratu zuen: "Patxik bizirik jarraitzeko gutxieneko itxaropena badu, EH Bildu eta Sortu gelditzen saiatzen ari diren herri presioan dago”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!