Iruñerriko Mankomunitateak bihar berrekingo dio elikagaien bankurako bilketari

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 13a, 11:37
Mankomunitateko langileak, elikagaiak biltzen supermerkatu batean. (Argazkia: Iruñerriko Mankomunitatea)

2010etik egiten dute bilketa. Iaz, 422 tona elikagai bildu zituzten Iruñerriko 64 establezimendutan.

Bihar, osteguna, konfinamendua arintzeko plana dela-eta, berriro hasiko da Iruñerriko Mankomunitateak Nafarroako Elikagaien Bankurako egiten duen bilketa, koronabirusa kutsatzeko arriskuaren aurrean prebentzio neurri moduan martxoaren 14an bertan behera utzi ondoren.

2010az geroztik, Iruñerriko Mankomunitatea egunero joaten da supermerkatuetara, saltoki handietara eta jan-edanen establezimenduetara, kontsumorako egokiak izanik iraungitze data hurbil duten edo ontzi akastunetan dauden elikagai freskoak biltzeko. Bilketa martxan jarri aurretik, produktu horiek salmentatik kentzen ziren, edukiontzietara botatzen ziren eta, horrenbestez, hondakin bihurtzen ziren.

2019an, 422 tona elikagai jaso ziren Iruñerriko banaketa arloko hamazazpi enpresatako 64 establezimendutan. Zerbitzua egunero egiten dute Elkarkideko lau pertsonak —gizarte ekimeneko enpresa da, irabazteko asmorik gabea, desgaitasuna duten eta gizartetik baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonen integrazio soziolaboralean aritzen dena—, mankomunitateak kontratua baitu enpresa horrekin. Bilketa egin ahal izateko, erakunde erkidetuak bi ibilgailu isotermo jartzen ditu Elkarkidek erabiltzeko.

Zerbitzu horri esker, bilketa egiten den egun bakoitzean, bataz beste, elikagai freskoen 1.700 kilogramo ematen dizkiete Elikagaien Bankuari, gehien behar duten familietara irits daitezen. Zehazki, Nafarroako Elikagaien Bankuak 170 gizarte erakundetan banatzen ditu elikagaiak, eta, haiek, era berean, 20.000 pertsonari baino gehiagori helarazten dizkiete.

“Jardunibde onenetakotzat”

Nafarroako Elikagaien Bankurako egiten den eguneroko bilketa, Nafarroako Gobernuak antolatutako Toki Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokien Sariketaren barnean, hiru jardunbide onenetakotzat hautatu zuten 2014an. Handik urte batera, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak elikadura eta iraunkortasun arloko jardunbide nabarmenenetako bat bezala hautatu zuen. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!