Burlatako lan harremanetarako eta arriskuen prebentziorako teknikariak ez du euskaraz jakin beharko aurrerantzean. C1 maila eskatzen zuen udalak orain arte, baina atzoko osoko bilkuraren ostean, euskararen derrigortasuna ezabatu dute Navarra Sumak eta PSNk. Aldaketarekin euskara %5eko meritu soila izango da.
EH Bildu, Cambiando Burlada, Ahal Dugu eta Geroa Bai profil aldaketaren aurka azaldu dira, azpimarratuz lanpostu hori betetzen duen pertsonak harreman zuzena izango duela enpresekin eta langileekin, eta horrek justifikatzen duela euskararen erabileraren beharra. Akordioan, ezetsi egin zituzten hiru bizilagunek egindako alegazioak, esanez ez zuela zentzurik bere garaian inpugnatua izan gabe behin betiko onartu zen plantilla aldatzeak.
PSNren kritiken ondorio
Iazko azaroan piztu zen lanpostuaren inguruko eztabaida Burlatan. Navarra Sumak gobernatzen duen Burlatako Udalak oposizio-lehiaketa bat deitu zuten lan harremanetako eta arriskuen prebentzioko teknikarien zerrenda eratzeko, zeinean derrigorrezko C1 mailako euskara eskatzen zuen. PSNk Navarra Sumaren "inkoherentzia" salatu zuen berehala.
Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak ohar batean adierazi zuenez, euskara derrigorrezko baldintza izango duen oposizio bat deitzeak zalantzan jartzen zuen "Navarra Sumako buru Javier Esparzak beti aipatzen duen defentsa, lehen edo bigarren mailako herritarrak ez direla kontuan hartu behar iritzita, hizkuntza-tituluak edukitzearen arabera". Egun horretan bertan bota zuen atzera Burlatako Navarra Sumak euskararen derrigortasuna.