'Emakume heroiak', Uharte Zentroko hurrengo aperitifa

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 5a, 14:20

Cochabamban (Bolivia) egon ondoren, Iosu Zapatak kaleko artearekin izan duen esperientzia kontatuko du. Muralismoaren inguruko ibilbidea: Iruñean 90. hamarkadan bizitakotik abiatu, eta kultura ibiltariarekin harremana izatera iritsi arte.

Iosu Zapatak hainbat astetako egonaldia egin zuen Cochabambako (Bolivia) mARTadero arte zentroan. Esperientzia hori Uharte Zentroak hemengo bi artistari eman zizkien bekek bultzatu zuten, nazioartean egonaldiak egiteko bekak hain zuzen. Bigarren nazioarteko beka Erevango Nest-enizan zen (Armenia). Urtero banatzen diren laguntza horiek tokiko testuingurua eta printzipioak kontuan hartzea dute helburu.

Iosuren lana kaleko artearen inguruan garatzen da, eta hainbat diziplina eta teknika nahasten ditu. Leku abandonatuetan eta periferietan aritzen da, naturaren presentzian arreta jarriz, soinuekin lan eginez edo jarduera ibiltariei argazkiak ateraz, eta nola ez, paretak margotzeari uko egin gabe. 

Hurrengo Aperitifak saiorako proposatu duen ibilbidea 90. hamarkadako Iruñeko muralismoaren eta grafitien mugimenduan hasiko da. Sanduzelai auzoko kaleetako paretetan euren burua adierazteko modua aurkitu zuten hainbat gazte taldek, eta bertan bizi izandakora hurbilduko gaitu artistak. Hortik, testuinguru kultural ezberdin batean parte hartzeko esperientziarantz joko du: Cochabambako kaleak, “Emakume Heroiak” proiektua egin zuen tokia. Margotzeko paretak bilatzen zituela auzoarekin izandako harremana du oinarri, baita salmenta ibiltariak bere arreta bereganatu izana ere.

Bere proiektuen garapena eta ondorioak lotuta daude; espazioen iruditeria eta bertako jendea duintzeko asmoa islatzen dute.

Datorren larunbatean, otsailaren 8an, 12:30ean, Uharte Arte Garaikideko Zentroan, hurrengo Aperitifak saioan, Iosu Zapatarekin elkartuko aukera izanen da, eta bukatzeko mural bat margotuko du gerturatzen direnekin elkarlanean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!