Haur eskoletan euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatuko dute, otsailaren 1ean, udaletxearen aurrean

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 23a, 13:19

Iruñeko haur eskoletako gurasoek, euskalgintzako kideek eta LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek egin dute deialdia, udalak azken hilabeteotan euskararen arloan hartu dituen neurriek kezkatuta. 

Haur eskolen aurre-matrikulazio kanpaina ate joka dagoelarik, Iruñeko haur eskoletako gurasoek, euskalgintzako kideek eta LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek bat egin dute Iruñeko haurrek euskaraz ikasteko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Elkarretaratzea egingo dute otsailaren 1ean, larunbatarekin, eguerdiko 13:00ean, udaletxearen aurrean, haur eskoletan euskarazko eskaintza murriztu ez dezatela eskatzeko. Jai giroko protesta izango da: bazkari herrikoia, musika eta beste hainbat jarduera ere egingo dituzte, beren seme-alabek euskaraz ikasteko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Begirada atzera jarriz, gogoraraztekoa da 30 urtez Iruñeko udal haur eskolen artean soilik bitan eskaintzen zela euskarazko aukera, eta biak Txantrean zeudela. Ondoren, pasa den legegintzaldian, 2015ean, bi izatetik lau izatera pasa ziren, eta auzo bakarrean egotetik, lau auzotan egotera. Aldaketa horri esker, eskaintza gehiago gerturatzen zen  gurasoen hautura; izan ere, iazko ikasturtean haurren ia erdia A eta D ereduetan matrikulatu zituzten.

Baina, aurre-matrikulazio garaia gerturatzen ari da, eta gurasoek oraindik ez dakite zein izango da eskaintza, eta Enrique Maia alkateak iazko irailean egindako adierazpenek kezka eragin diete. Haren hitzetan, euskarazko eskaintza “gehiegizkoa” da. Maiak azken hilabeteotan egindakoek ere kezka eragiten diete; besteak beste, euskararen ordenantza atzera bota izanak, pailazoen emanaldia bertan behera utzi izanak edo euskarazko hedabideak publizitate instituzionalik gabe utzi izanak.

"Zertara hainbesteko tema Nafarroako berezko hizkuntzaren aurka? Euskaraz bizi nahi dugu, besterik ez", adierazi dute. Era berean, azpimarratu dute elebitasun errealak eleaniztasunerako jauzia emateko abantaila ematen duela, eta Iruñean bi hizkuntza modu egoki eta orokortuan ikasi ahal izateko bide bakarra euskarazko murgiltze eredua eskaintzea dela. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!