Apustu etxeen aurkako plataforma bat sortu dute Arrotxapean

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 9a, 13:35

Asteazkenean, arratsaldeko 19:30ean, hitzaldi bat eskainiko dute Aralar elkarteko kideekin, eta datorren astelehenean, berriz, apustu etxeen aurkako elkarretaratzea egingo dute, arratsaldeko 20:00etan, Oblatasen. 

Beste zenbait auzotan bezala, Arrotxapean ere bizilagunak apustu etxeen aurka batu egin dira, eta oraingoan urrats bat gehiago egin dute, eta plataforma bat sortu dute, hemeretzi kolektiboren artean. 

Auzo horretan dagoeneko bost apustu etxe daude, eta beste bat zabaltzeko lizentzia dago dagoeneko. Plataformak horien aurkako jarrera mahaigaineratu du, eta salatu du ez dela “kasualitatea” auzo langile eta bizi batean halakoak hedatzea.

Apustu etxeen jabeak eta instituzioak egin ditu horien erantzule, eta horiei modu kolektiboan aurre egitera dei egin die bizilagunei: “Izan gaitezen gu, auzokideok, hauen ateak ixtea lortzen dugunak; modu kolektiboan egin diezaiokegu aurre gaitz honi”. Beste aisialdi eredu mota batean sinesten dutela adierazi dute, “auzotik eta auzokideentzat egina, alternatiboa, kritikoa, sortzailea, inklusiboa, feminista, osasuntsua…”.

Administrazioari, berriz, eskatu diote, apustu etxeak zabaltzeko lizentzia gehiagorik ez ematea, emandako lizentziak ezeztatzeko dauden aukera guztiak bila ditzala, apustuen aldeko publizitatea kendu dezala, apustuekiko menpekotasuna saihesteko plan integral bat sor dezala eta aisialdi osasuntsu baten inguruko heziketa landu dezala.

Plataformaren ibilbidearen lehen bi urratsak hitzaldi bat eta apustuen aurkako elkarretaratze bat izango dira. Hitzaldia Aralar elkarteko kideek emango dute, asteazkenean, arratsaldeko 19:30ean, igerilekuko polikiroldegian. Datorren astelehenean, hilaren 16an, berriz, elkarretaratzea egingo dute, arratsaldeko 20:00etan, Oblatasen.

Azkenik, bihar arratsaldean, Iruñerriko hainbat auzoko apustu etxeen aurkako plataformak biltzen dituen plataforma bat aurkeztuko dute, arratsaldeko 19:00etan, Plazara zentroan.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!