Mintzakide izateko izena emateko epea, zabalik

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 23a, 11:31

  • “TÚtik GUra. Ongi etorri Mintzalagunon Mundura!” da aurtengo leloa
  • Joan den ikasturtean, 1.000 pertsona izan ziren mintzakide Iruñerrian.
  • Izena irunerrikomintzakide.org webgunean eman daiteke.

Zabaik da Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen Mintzapraktika egitasmoan izena emateko epea. Aurten, TÚtik GUra. Ongietorri Mintzalagunon Mundura da egitasmoaren leloa. Horren bidez, “salto egiteko gonbidapena” luzatu nahi diete euskaltzale guztiei, “euskaraz lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean aritzeko”.

Euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko edota euskaraz gozatzeko, arrazoi ezberdinak medio, joan den ikasturtean Iruñerrian ia 1000 lagun hartu zuten parte egitasmo honetan, eta denboraldi honetan kopuru hori handitzea da helburua.

Mintzapraktika bospasei laguneko taldetan elkartuta egiten da, eta parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.

Euskarazko komunitate bat baino gehiago

“Mintzakideen komunitatea ez da soilik elkarrekin euskaraz hitz egiteko gunea, baizik eta esperientziaz, bizipenez eta emozioez osoturiko mundu zabal bat”, azaldu dute antolatzaileek ohar baten bidez. “Denek dute amankomuneko helburu bat, aisialdian euskaraz gozatzea, baina denborak aurrera egin ahala hizkuntzaz haratago doazen beste emozio eta bizipen batzuekin egiten dute topo mintzakideek”, gaineratu dute.

Elkarrekin bizi dituzten esperientziek eta sentsazioek batzen dituzte bidelagunak eta bidelariak ikusiezinezko lotura eta harreman sendoak sortuz, komunitate bat izatetik mundu berri bat eratuz. Askok, egitasmoaren helburua bete ostean ere elkartzen jarraitzen dute, antolatzaileen arabera.

Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko aukera eta informazioa herri edo eskualdeko euskara elkartean, euskaltegian, udaletxean edo irunerrikomintzakide.org webgunean aurki daiteke.

Hainbat erakunde publikok egiten dute bat ekimenarekin. Iruñerrian, honako udal hauek: Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Etxauri, Iruñea, Noain elortzibar, Oltza Zendea, Orkoien, Uharte, Zizur Nagusia. Horiez gain, egitasmoak Nafarroako Gobernuaren, MECNAren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza dauka.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!