"Iruñeko Euskararen ordenantza berria ez da aurrekoaren oso desberdina"

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 11a, 18:05

Joan den ostegunean behin behineko onarpena eman zitzaion ordenantza berriari. Alegazioen epea zabaldu da orain eta hau amaituta, behin betiko onarpena emateko eztabaida eginen da, apirilean omen.  

Inma Errea Iruñeko Udalaren Euskara Zerbitzuko burua da. Berak eman digu ordenantza berriaren inguruko informazioa Irrintzi Plaza saioan. 

Gaztelania eta euskara hiriko “berezko” hizkuntzatzat hartzen ditu Iruñeko Udalak, eta herritarren arreta eta espedienteen tramitazioa bi hizkuntza horietan egin ahal izatea proposatu zuen urrian.

2012an egin zen azken ordenantza aldaketa, orduko oposizioko taldeek bultzatuta. Azken hau euskararen aldekoa izan zen, ez aurrez eginiko beste hirurak bezala.  

Ordenantzak esparru askori erreparatzen die, haur eskolen hizkuntza eskaintzari, lanpostuen hizkuntza eskakizunei eta baita hizkuntza paisaiari.

Berezko hizkuntzak

Proposatutako ordenantzaren lehen artikuluak aditzera ematen du gaztelania eta euskara Iruñeko berezko hizkuntzak direla, eta biak berdintasunean erabiliko direla Udalaren administrazio-esparruan. Asmoa da Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak behar beste baliabide tekniko eta giza baliabide edukitzea posible izan dadin bi hizkuntzetan arreta ematea, hala aurrez aurre nola idatziz, telefonoz edo telematikoki. Halaber, testuak proposatzen du itzulpenen erabilera ahal den neurrian ekiditea eta behar beste pausu ematea udal-espedienteen tramitazioa euskaraz egitea ahalbidetzen duten egitura operatiboak edukitzeko

Irudia

Udalaren irudiari dagokionez, ordenantza-proposamenak adierazten du Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak berdintasunean erabiliko dituztela Iruñeko berezko bi hizkuntzak, oro har herritarrei zuzentzen zaizkienean, eta bereziki irudi korporatiboan. Zirriborroan jasotzen da, baita ere, ele bitan eginen direla publizitate instituzionala, prentsa-ohar eta kanpaina informatibo zein instituzionalak, bide publikoan egiten diren lanetako obra, trafiko eta abarretako seinale zein kartelak eta administrazio elektronikoari lotutako eduki eta prozedura informatikoak.

Langileak

Udaleko langileei eta barne-funtzionamenduari dagokienez, testuak argi adierazten du plantilla organikoak zehaztuko duela zer lanpostutan jakin behar den euskara, dela jendearekin duten harreman handiagoagatik, dela barne-funtzionamenduan daukaten kokaguneagatik administrazio-prozedurez bezainbatean.

Lanpostu bakoitzean behar den euskararen ezagutza-maila zehaztu baino lehen, azterlan bat eginen litzateke, halakorik behar izatera, lanpostuen behar zehatzen gainean, eta jarduketa-plan bat ezarriko litzateke, ordenantzaren helburuak betetzea posible eginen luketen bitartekoak eta baliabideak zehazte aldera. Proposamenaren arabera, Udalak udal-langileei zuzendutako euskarazko hizkuntza-prestakuntzako berariazko planak antolatu beharko lituzke eta, norbaitek hala eskatuko balu, euskara norberaren borondatez ikasteko laguntza eman beharko litzaioke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!