Iruñerriko garraiorako aldaketa handia eraginen lukeen proposamena jarri du mahai gainean Iruñerriko Mankomunitateak: Villavesak autobus izatetik tranbia itxura hartzera pasako lirateke eta lau sare nagusi izanen lituzke: batek ibilbide zirkularra eginen luke: Burlata, Iruñea eta Atarrabia elkartuz; beste batek iparraldeko zatia lotuko luke Barañain, Iruñea eta Atarabia; hirugarren batek Barañain, Burlata, Iruñea eta Atarrabia batuko lituzke eta azken batek Iruñea, Sarriguren eta Zizur Nagusia. Sare nagusi horrek beste azpisare batzuekin izanen luke lotura, egun ezagutzen ditugun villavesa zerbitzuekin.
Garraio publiko hobea; oinezkoen eta bizikletentzat atseginagoa
Azkartasuna, CO2 isuriak gutxitzea, soinua txikitzea eta Iruñerria oinezkoentzat eta bizikletentzat atseginagoa egitea eraginen luke. Zortzi minuturo pasako lirateke sare nagusiko autobusak eta azkarrago ibiliko lirateke: egun 13 kilometro orduan dabiltza, proposamena eginez gero 25 kilometro orduko abiaduran bataz beste. 17.000 auto murriztuko lirateke autobus zerbitzuaren mesedetan.
Bide luzea aurretik
Oraindik garraio publikoaren inguruan egindako bideragarritasun planaren datuak dira hauek guztiak. Beste hiri batzuetako esperientzietatik sortutakoa izan da eta aurreikusi da, orain, bi urtez egonen dela plan hau aztertze prozesuan erabakitze prozesua izenekoan; proiektu faseak beste urte eta erdi beharko luke eta gero, hiru urtez lanak eginen lituzkete. Azpiegitura berritzeko beharra izanen litzateke eta lehen kalkuluen arabera 67 milioi euroko inbertsioa egin beharko litzateke horretarako. Hausnarketara proiektua da mahai gainean jarritakoa, orain, aztertu, konpartitu eta erabakitzeko tartea zabalduko da.