Eugiko urtegia hustuko dute bihar

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 10a, 08:35
Argazkia: Eugiko urtegia
Urtegiaren hondoan dauden manganesoa eta burdina kenduko dute, uraren kalitatea hobetzeko. Ekaitz baten antzeko eragina izango du urtegiaren husteak, Iruñerrian.

 

Bihar 08:00etatik aurrera, Eugiko urtegiko hondoko urak husten hasiko da Iruñerriko Mankomunitatea. 1991z geroztik egiten da operazio hau, eta helburua gero hornidurarako erabiltzen den uraren kalitateari eustea da. Urtegiaren hondoan dauden gai organikoak eta metalak (burdina eta, nagusiki, manganesoa) kentzen dituzte lanetan, Urtasungo plantara iristen den uraren kalitatea hobetzeko eta Iruñerria hornitu aurretik edateko ur bihurtzeko fasean erreaktiboen erabilera murrizteko.

Urak husteko operazioa udaren amaieran egiten da, termoklina osatu denean, hau da, Eugiko urtegiko ura geruzetan estratifikatu denean, tenperatura beroenetik hotzenera. Bero gradiente edo gradiente termiko hori baliatzen da –geruza hotzenetan (8º C inguruan) eta sakonenetan (15 m-tik aurrera) biltzen dira hondoan disolbatuta dauden manganesoa eta burdina– modu naturalean kentzeko, urtegiaren hondoa urez hustea irekita.

8:00tatik 11:00tara

Purga bolumena 130.000 metro kubokoa izango da, eta hiru ordu beharko dira huste lanak egiteko. Operazioa 08:00etatik 11:00etara egingo da, nahiz eta urak husten amaitu eta handik sei ordu bitartean nabaritu ahal izango diren eraginak gutxi gorabehera.

Urak hustearen eragina ekaitz baten antzekoa da, eta mota horretako fenomeno meteorologiko batek ibaiko landareetan eta animaliengan dituen arriskuen antzekoak ditu. Nolanahi ere, adierazi behar da uraren maila igotzen dela –eta hori ibai tarte bakoitzaren arabera aldatzen da– eta tenperatura hozten dela. Batez beste, 9º C-koa izango da. Hori dela eta, urak husteko egunaren bezperan turbinatutako uraren emaria handituko da, ibaiko uraren tenperatura hoztea gradualagoa izan dadin, eta horrenbestez, operazio osoak 250.000 metro kubo hustea ekarriko du.

Urak husteko operazioa Iruñerriko Mankomunitateak eskatuta egiten da, eta Ebroko Ur Konfederazioak egiten ditu maniobrak eta gainbegiratzen du husteko balbulak irekitzea eta ixtea.
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!