Sarrigurengo institutu berria eraikitzeko, 5,5 milioi euro

Euskalerria Irratia 2018ko abu. 23a, 09:32

Etorkizuneko institutuaren maketa.

2019-2020 ikasturtean abian jartzea aurreikusi da, DBHko 3 lerrotarako lekuarekin eta ondorengo ikasturteetan handitzeko asmoarekin.

Nafarroako Gobernuak 5,5 milioi euroko gastua onartu du gaurko saioan, 2019-2020 ikasturtean funtzionamenduan sartzea aurreikusita dagoen Sarrigurengo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Institutu (DBHI) berriko lehen azpifaseko eraikuntza lanak kontratatzeko.

Zentro berriak erantzuna emanen dio Sarrigurenen eta Eguesibarren horrelako ikasketak jasotzearen alde dagoen eskariari. Instalazioak Elizmendi kalean finkatuko dira eta 8.423,70 metro koadroko azalera izanen dute.

Eraikinaren eraikuntza bi fasetan planteatu da. Lehendabiziko fasean, DBHko 6 lerrotarako (24 talde) tokia aurreikusi da, irakaskuntza-jarduera gauzatzeko behar diren azpiegiturak barne harturik: liburutegia, gela espezifikoak (musika, informatika, plastika, laborategia, etab.), kirol ekipamenduak (gimnasioa, aldagelak), irakasleentzako esparruak eta esparru orokorrak (biltegiak, bulegoak, garbiketarako gelak, etab.). Bigarren fasean, lanak Batxilerrera hedatuko dira.

Lehenengo faseko lanak

Lehendabiziko fasea bi azpifasetan gauzatuko da. Lehenengoa da orain lizitatuko dena, eta honen bitartez, 12 ikasgela eta dagozkien irakaskuntza-instalazioak eraikiko dira talde horiek artatu ahal izateko (espezialitateen gelak, liburutegia, laguntza emateko gelak, etab.). Lanak aurtengo laugarren hiruhilekoan hasi eta datorren urteko abuztuan bukatuko direla aurreikusi da, institutua 2019-20 ikasturtean martxan jartzeko xedez. Lanek 5.404.704 euroko aurrekontua dute.

Lanen bigarren azpifasean, beste hamabi gela eraikiko dira ikastetxearen edukiera handitzeko, instalazioak osatzeaz gain. Azpifase hau 2021-2022 ikasturtean gauzatuko dela aurreikusi da.

Sarrigurengo BHIaren proiektua Hezkuntza Departamentuko Azpiegituren Zerbitzuak bultzaturiko lan-ildo berriaren arabera taxutuko da, hezkuntza arloko eraikuntza berrietan energia-eraginkortasuna eta buruaskitasuna lehenetsiz.

Proiektuaren deskribapena

L itxurako oina duen eraikina lursailaren ipar-ekitaldeko izkinan kokatuta dago, hegoaldean ahalik eta lekurik handiena libratuz jolasorduetako kanpoko esparruetarako (kirol pista, egonlekuak eta baratzea). L-aren besorik motzenean gimnasioa finkatuko da, eta luzeenean irakaskuntza-esparruak, iparralderako zein hegoalderako orientazioarekin.

L-aren izkinan, ikastetxerako oinezko sarbide nagusia eta zerbitzu-guneak kokatuko dira (bizikletak aparkatzeko lekua, hoditeria eta galdara-gela), barnealdeko sarbide estaliarekin. Gurasoen Elkartearen gelak ere sarbide bereizia izanen du kanpoaldetik.

Ikastetxeak hiru maila ditu (beheko solairua eta lehen eta bigarren solairuak), eta eraikitako guztizko azalera 5.251 metro koadrokoa da.

Beheko solairuan, sarbideari lotutako administrazio-eremuak finkatuko dira (etxezaintza, idazkaritza, bisita-gelak), baita ondorengo hauek ere: irakasleen gela eta liburutegia, pareta mugigarri batekin lotuta erabilera anitzeko esparru bakarra sortu ahal izateko, laborategiak eta hauei atxikitako biltegi partekatua eta kirol esparruak (gimnasioa eta aldagelak); azken hauek ekialdeko muturrean, eraikinetik berezita erabiltzeko aukerarekin.

Goiko solairuak antzekoak dira, salbu eta gimnasioaren gainean dauden bigarren solairuko departamentuak. Oro har, hegoalderantz orientatutako hamabina ikasgela eta iparralderantz orientatutako gela espezifikoak (musika, informatika, plastika, etab.) dituzte. Hormarte honetan kokatuko dira, halaber, komunak eta komunikazio bertikaleko nukleoak.

Bolumena bitan zatituta agertzen da, kolore berdexka duen zokalo testuradunarekin zoruaren gainean, eta testura eta kolore neutroak dituen bolumen batekin ikasgelen aldean. Zokondoak zerrenda horizontal jarraituak balira bezala antolatu dira, esparruen barrualdeko argiztapen eta aireztapen homogeneoa erraztuz.

Proiektuak lur gaineko aparkalekua sortu du lursailaren iparraldeko urbanizazioko esparru bat, udal araudiari jarraiki.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!