Etxebizitza bilakatuko dituzte Arrotxapeko etxabe batzuk

Euskalerria Irratia 2018ko abu. 22a, 10:19

Nasuvinsa sozietate publikoak beheko solairuan gauzaturiko etxebizitza bat aurkeztu du gaur, erabilpenik ez duten merkataritza lokalei irtenbidea eman eta alokairu-eredu berritzailea eskaintzeko esku-hartze gisa.

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak aurkeztu du gaur Iruñeko Arrotxapea auzoan, beheko solairuan zegoen merkataritza-lokal batean gauzaturiko 107 metro koadroko etxebizitza pilotua, Nasuvinsa sozietate publikoari esker egoitza-erabilera aldatu eta alokairu sozialerako erabiliko dena. Hirigintza arloko jarduketa berritzaile honen bitartez, alokatzeko etxebizitza publikoaren eskaintza handitu ahalko da hiri kontsolidatuaren barnean, irisgarritasun unibertsalaren printzipioaren araberako alokairua eskatzen duten kolektiboen behar bereziei erantzunez.

Gainera, alokairu publikoaren arloan aitzindaria den esku-hartze mota honek irtenbidea eskainiko die krisi ekonomikoaren ondorioz hutsik edo erabilpenik gabe gelditu diren auzo historikoetako merkataritza-lokalei, hiri-egitura dinamizatuz eta kokapen horien dentsitatea handituz, hiri kontsolidatuko zenbat esparruren birsorkuntza eta susperraldirako faktore gisa.

Nasuvinsak Arrotxapeko Maiteminduen Pasealekuko 14an jabetzan duen eraikinaren beheko solairuko jarduketak auzo bereko Joaquín Beunza kaleko beste bi lokali eragingo die berehala. Horien arkitektura-proiektuak bukatuta daude dagoeneko eta lanak irailean abiatuko dira. Horren harira, Nasuvinsaren oraingo jarduketa eredutzat erabiliko da etxebizitzako sozietate publikoak bidera ditzakeen antzeko beste esku-hartze batzuetarako, Iruñeko beste barruti batzuetan, Iruñerrian nahiz landa inguruneko Nafarroako beste herri batzuetan.

Irisgarritasun unibertsala etxebizitza publikoan

Miguel Laparra lehendakariordearekin batera parte hartu dute gaurko bisitaldian Nasuvinsako zuzendari-kudeatzaile José Mª Aierdik eta proiektua garatu duten arkitektoek. Laparrak nabarmendu duenez, jarduketa hau “lehendabiziko pausoa baizik ez da etxebizitza publikoaren eskaintzan irisgarritasun handiagoa behar duten kolektibo zehatz batzuen alokairu-eskariari erantzuteko ireki dugun lan-ildo interesgarrian”.

 

Arrotxapeko beheko solairuaren ikuspegia, lanetan

Arrotxapeko beheko solairuaren ikuspegia, lanetan ( irudia handitu 

Nasuvinsak irisgarritasun unibertsalari eta eraikuntza-iraunkortasunari buruzko irizpideak erabili ditu indarrean duen Alokatzeko Etxebizitzen Planeko sustapen berrietan –horien lehenengo lanak martxoak hasi ziren–, baina ez etxebizitza publikoaren aurreko parkean, sozietate publikoa zaharberritzeko jarduketa garrantzitsuak bideratzen ari baita. “Garrantzitsua da eraikuntza berrietan jardutea, baita hiriari barrura hazten laguntzea ere, gure auzoak biziberritzeko eta etxebizitzaren arloan dauden behar sozialei erantzuteko”, adierazi du Miguel Laparrak.

Zehazkiago esanda, gaur aurkeztu den etxebizitza egokitua, hiru logelaz eta barruko terrazaz horniturikoa 137 metro koadro eraiki eta 107 metro koadro erabilgarriko azalerarekin –Nasuvinsak gazteentzako alokairuzko 15 etxebizitza sustatzeko eta 126.000 euroko kostuaz egokitu duen eraikin baten beheko solairuan-, nahiz Joaquín Beunza kalean egingo diren beste bi etxebizitzak, kideren bat aniztasun funtzionalaren edo mugikortasun murriztuaren egoeran duten familia ugariak errentan hartzeko erabiliko dira.

Etxebizitza pasiboko Enerphit irizpideak

Halaber, Maiteminduen Pasealekuan Belate Servicios eraikuntza-enpresaren bitartez etxebizitza gisa egokitu den lokalak eraikuntza-iraunkortasunari nahiz energia-eraginkortasunari dagozkion soluzio berritzaile gaineratu ditu, Passivhaus Institutuak etxebizitzak zaharberritzeko estandar gisa eskaintzen duen Enerphit irizpideetan oinarrituta.

Hartara, gaur aurkeztu den beheko solairuko etxebizitza eraikinaren gainerako ataletatik bereizita dago, eta etxebizitzaren egituran, inguratzaile termikoarekin batera, fluxu bikoitzeko haizeztapen-sistema mekanikoa ezarri da, beroa berreskuratzeko nahiz beroa sortzeko zoru erradiatzailea bezalako aerotermia-teknikez hornitutakoa. Honi esker, etxebizitzak prestazio handi-handiak ditu energia-eraginkortasunari dagokionez.

Etxebizitza pasiboko sistemen barnean, higiezinaren hermetikotasunean ere lan egin da aire-filtrazioak saihesteko, eta horretarako, energia-eraginkortasun handiko zurgintza erabili da, Nasuvinsako teknikari espezialista David Chocarrok Miguel Laparra lehendakariordearen gaurko bisitan adierazi duenez, proiektuaren esleipena lortu duen Martínez Oroquieta Arquitectos estudioko beste profesional batzuk ere tarteko zirela.

Berrikitan, Iruñeko Udalaren Plangintzan, erabilerei buruzko araudian egindako aldaketak eraikinen beheko solairuetan erabilerak bateratzeko aukera ireki du Nafarroako hiriburuan, merkataritza-jarduera murritzeko inguruneetan dauden beheko solairuak etxebizitza bihurtzeko aukera erraztuz. Birmoldatzeko aukera honetaz baliatzeko interesa azaldu duten etxejabeak oso gutxi diren arren, Nasuvinsak ondorengo sustapenetan bide hau jorratzearen aldeko hautua egin du alokairu sozialeko eskaintza handitzeko formulatzat, bereziki kontuan izanda etxebizitza guztiak zeharo irisgarriak eta arras moldagarriak direla tipologiari dagokionez behar bereziei erantzun ahal izateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!