Social Housing programako lehendabiziko etxebizitzak hasi dira eraikitzen Mutiloan

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 13a, 19:30
Erripagañarako babes ofizialeko etxebizitzen proiektuaren irudia.

Passivhaus estandarraren araberako errenta sozialeko 542 etxebizitza eraikitzeko planaren lehenengo sustapena abian jarri da. Etxebizitza hauetan %80ra arte aurreztuko ahal izanen da berokuntzan.

Nafarroako Gobernuak errentako etxebizitzaren eskari gero eta handiagoari erantzuteko eta Foru Komunitatean Passivhaus estandarraren araberako energia-eraginkortasunezko eraikuntza iraunkorra bultzatzeko abiarazi du Navarra Social Housing etxebizitza plana.  Gaur goizean egin da honen aurkezpena.

“Navarra Social Housing hau ausarta eta berezia egiten duena da beraren konpromiso soziala eta etxebizitza-politiken aldaketa-palanka bihurtzeko duen bokazioa, begirada kalera eta herritarren egiazko beharretara bihurtzeko asmoz”, nabarmendu du Nafarroako lehendakari Uxue Barkosek Mutiloan 42 BOE eraikitzeko lanen hasierako lehen harria jartzeko ekitaldi sinbolikoan, bertan abiatu baita Nasuvinsa sozietate publikoak bultzatutako Errentako Etxebizitza Planaren lehendabiziko sustapena.

Uxue Barkos buru izan duen ekitaldi honetan, Europako Batzordearen Espainiako Ordezkaritzaren bozeramaile Lucas González Ojedak ere parte hartu du, eta haiekin batera izan dira Miguel Laparra, Eskubide Sozialetako lehendakariordea; José Mª Aierdi, Nasuvinsa sozietate publikoko zuzendaria; Iñigo Eugui, Erro y Eugui enpresa esleipenduneko gerentea; eta Manuel Romero, Aranguren Ibarreko alkatea, lehen sustapen honetako lanen anfitrioia, hauxe izan baita hirigintza-baimena azkarren tramitatu duen udala, Errentako Etxebizitza Planaren lehen fasea abiarazi den Iruñerriko lau udalerrien artean.

Eraikitzeko beste modu baten lehendabiziko harria

Ekitaldian izandako agerraldian, Nafarroako Lehendakariak etxebizitza eta eraikuntza arloko politiketan gertatzen ari den paradigma-aldaketaren eredutzat nabarmendu du Mutiloako lehenengo etxebizitza-sustapen hau. Haren esanetan, “eraikitzeko eta errenta soziala ulertzeko modua aldatu eta hirigintza pentsatu eta gauzatzeko beste modu bati erantzuten dion eraikin baten lehendabiziko harria jarri dugu”. Horren harira, Barkosek argi utzi du, bere Gobernuak duela bi urte abiarazitako etxebizitza-politika berriaren bitartez, “helburua ez dela soilik BOEak eraikitzea; horrekin batera, barnean biziko den jendearengan pentsatuz eraiki behar dugu, bizitza izanen duten auzoak eta komunitateak eratzeko eta arimaz hornitutako hiriak sustatzeko asmoz”.

Lezkairu Etorbideko 12 eta 14 zenbakien artean kokatutako karpa txiki batean, Iruñeko auzo hau Mutiloarekin lotzen duen eremuan, gaur bertan lanetarako lehendabiziko lur-mugimenduak egin diren lurzoruan alegia, agintariek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte etxebizitza publikoa eraikitzeko proiektu honen ezaugarri teknikoak, sustapena esleitua duen Erro y Eugui enpresako profesionalen ahotik.

Jarraian, Mutiloako alkateak egindako agurraren eta Europako Batzordearen ordezkariaren eta Nafarroako Lehendakariaren agerraldien ondoren, Amico Teatro konpainiako bikoteak umorezko alegoria eskaini du umore giroan ekitaldia bukatzeko, lehendabiziko harri-jartze sinbolikoa irudikatuz.

Mutiloan abiatutako proiektua Ia Kontsumorik Gabeko Eraikina (EECN, ingelesezko siglen arabera) izatea ahalbidetuko dioten parametroen arabera eraikiko da. Europako 2010/13 Zuzentarauak behartuta, 2020tik aurrera eraikitzen diren etxebizitza guztiak parametro horiek bete beharko ditute, eta ondorioz, Foru Komunitatea bi urte aurreratu zaio zuzentarauaren aplikazioari. Gainera, gaur Mutiloan eraikitzen hasi den eraikinak lan guztiak EECN ziurtagiri zorrotzena den Passivhaus estandarraren arabera egingo direla bermatuko du. Eraikuntza-sistema alemaniar honek hermetikotasun eta aireztatze teknika berritzaileak aplikatzen ditu, berokuntzan % 80 ere aurreztea lortzen duelarik.

 

 

Passivhaus-aren dimentsio soziala

Halaber, etxebizitza publikoan eraikuntza iraunkorraren irizpideak inplementatzeko, Gobernuak Passivhaus-en alde egin duen apustua aipatu du Barkos Lehendakariak. “Passivhaus estandarrek eta baliokideek gama altuari eusten diote eraikuntza iraunkorrean, baita konforterako eta osasunerako eskubideari eta pobrezia energetikoarekiko konpromisoari ere, etxebizitzaren funtzio soziala aldarrikatuz”, adierazi du.

Erro y Eugui enpresak Lezkairu auzoan eraikitako Thermos eraikina izan zen iaz Passivhaus ziurtagiria lortu zuen Estatu osoko lehendabiziko etxebizitza-eraikina, eta orduko hari jarraipena emanez, enpresa berbera estandar horren arabera –energia-eraginkortasunari buruzko zorrotzena– eraikitako etxebizitza publikoko lehenengo eraikina altxatzen hasi da Mutiloan.

Europar Batasunaren finantzaketa

Europako Batzordetik nabarmendu dutenez, Espainia izan da 2017an laguntza finantzario gehien jaso duen bigarren herrialdea: 2.590 milioi euro, guztira. Hartara, 2015az geroztik, hirurogei proiektu espainiar baino gehiago lagundu dira 5.600 milioi euroko finantzaketaz, 32.000 milioi euro ere mobilizatzeko gaitasunaz.

Europako Batzordeak Espainian duen Ordezkaritzaren bozeramaile Lucas González Ojedaren esanetan, “Navarra Social Housing Europako Inbertsio Planak finantzatzen dituen proiektuen adibide ona da. Proiektuak tokiko enplegua sortzeko inbertsio produktiboa dakar, eta aldi berean, gizarteratzea errazten du etxebizitzarako sarbidearen bitartez, ingurumenaren babesaren aldeko apustu argia eginez”.

Navarra Social Housing proiektuak 80 milioi euroko guztizko aurrekontua du, foru Gobernuaren eta Nasuvinsa sozietatearen funts propioen kontura, eta % 50 Europako Inbertsio Bankuak (BEI) emandako 40 milioien bitartez finantzatu da, izan ere, BEIk proiektu hau Juncker Planean sartzea erabaki zuen (BEI), etxebizitzaren errentamenduaren alde egin duen apustuagatik eta energia-eraginkortasun handiko eta Ia Kontsumorik Gabeko eraikinen eraikuntza bultzatzeagatik, bi helburu hauek Europar Batasunak bultzatzen dituen lehentasunezko politikekin lerrokatuta baitaude.

Planak 524 etxebizitza publiko sustatzea du xede, den-denak errentapekoak eta Foru Komunitateko hainbat udalerritan kokatutakoak. Lehendabiziko fasean aurreratutako 185 etxebizitzen artean daude gaur Mutiloan eraikitzen hasi diren 42 BOEak, baita luze gabe Sarrigurenen eraikiko diren 62 etxebizitzak, Erripagainako 47 etxebizitzak eta Ardoiko 34 etxebizitzak ere. Horiek guztiak 2019ko udaz geroztik errentapean ematea aurreikusi da.

Planaren bigarren fasean –honen arkitektura-proiektuei buruzko ebazpena martxoan ezagutzera emanen da–, beste 283 BOE eraikitzea aurreikusi da –2021ean bukatzeko xedez– Iruñerriko bost udalerritan –Barañain, Eguesibar, Mutiloa eta Zizur, hiriburuarekin batera–, eta ekimena Tuterara, Lizarrara eta Berara ere hedatuko da, gainerako 56 BOEak hirugarren faserako utziz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!